Rolls Royce
Espainiako Gobernuak baimena eman dio Bain Capital funtsari ITP Aero 1.700 milioiren truke erosteko
Agentziak | EITB Media
Salmenta burutzeko baimenaren berri izan ondoren, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du kapitalean "izateko" lanean jarraituko duela, enpresaren administrazio kontseiluan ordezkaritza izateko.
Espainiako Gobernuak baimena eman du Rolls Royce Erresuma Batuko multinazionalak ITP Aero konpainia Bain Capital funts estatubatuarrari 1.700 milioi euroren truke saltzeko. Sapa Placenciak eta JB Capitalek ere funtsa osatzen dute.
Salmenta gauzatzeko baimenaren berri izan ondoren, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du kapitalean "izateko" lanean jarraituko duela, enpresaren administrazio kontseiluan ordezkaritza izateko. Horretarako, akziodunen "itun on" bat lortzeko apustua berretsi du EAEko Exekutiboak, "eroso" sentitzeko.
Defentsa Ministerioko iturriek baieztatu dutenez, Ministroen Kontseiluak operazioari baimena eman zion astelehenean, eta hori ezinbesteko baldintza zen salmenta burutzeko, konpainia estrategiko baten salmentaz ari baikara.
Zamudion (Bizkaia) egoitza duen ITP Aero saltzeko akordioa irailaren 27an itxi zuten aldeek, salerosketa ituna adosteko epea agortzear zegoela.
Akordioaren sinadurarekin, gaitasun industrialak eta Estatuko segurtasunarekin zerikusia duten aktiboak Espainian mantentzeko konpromisoa hartu zuen funts estatubatuarrak, baita ITPren erabaki zentroa, gaitasun industriala, teknologikoa eta zerga-egoitza Euskadin mantentzekoa ere.
Operazioa itxi ondoren, ITP Aero enpresa independentea izango da, Carlos Alzola kontseilari zuzendari nagusiaren gidaritzapean, Rolls Royecek orduan ziurtatu zuenez.