Itxi

enpresak

ITP kide estrategikoa izango dela esan du Rolls-Roycek, horren salmenta onartu ostean

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Espainiako Gobernuak baimena eman zion astearte honetan Bain Capital funtsari ITP Aero 1.700 milioi euroren truke erosteko.

ITP Aero, Zamudion (Bizkaia). Argazkia: EFE

Rolls-Royce enpresak adierazi duenez, ITP Aerok "funtsezko hornitzaile eta kide estrategiko" izaten jarraituko du enpresarentzat, Espainiako Gobernuak Bain Capital funtsari konpainia 1.700 milioi euroren truke erosteko baimena eman ostean.

Konpainiak ohar batean baieztatu duenez, ITP Aerori ia 1.800 milioi euroko balioa ematea suposatzen duen salerosketa "datozen asteetan" amaitzea espero du, Ministren Kontseiluaren baimena eskuratu ondoren; ezinbesteko izapidea, konpainia estrategikoa izanik.

Iragan irailaren 27an lortu zuen Rolls-Roycek egoitza Zamudion (Bizkaia) duen ITP Aero Bain Capital buru duen partzuergoari saltzeko akordioa, eta beharrezko baimenak lortzeko zain zegoen.

Horren ostean, Rolls-Roycek espero du konpainiak "funtsezko hornitzaile eta kide estrategiko" izaten jarraitzea "datozen programa aeroespazialetan, zibiletan zein defentsakoetan".

Gainera, multinazional britainiarrak adierazi du operazio honek bere desinbertsio programa osatzen duela, eta 1.700 dolar horiek "Rolls-Roycen balantzea berreraikitzera eta epe erdira inbertsio graduko kreditu neurketa berreskuratzeko asmoa bultzatzera" zuzenduko dituztela.

Bestalde, salmenta gauzatzeko baimenaren berri izan ondoren, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu zuen kapitalean "izateko" lanean jarraituko duela, enpresaren administrazio kontseiluan ordezkaritza izateko. Horretarako, akziodunen "itun on" bat lortzeko apustua berretsi zuen EAEko Exekutiboak, "eroso" sentitzeko.