Amurrio (Araba)
Tubacexeko mobilizazioetan parte hartu zuten hiru gazteri espetxe zigorrak ezartzea eskatu du Fiskaltzak
Agentziak | EITB Media
LAB sindikatuak salatu duenez, "klase elkartasuna eta langile borroka kriminalizatzeko enegarren ahalegina da". Egun hartan "neurriz kanpoko jokabidea izan zuena Ertzaintza izan zen", sindikatuak azpimarratu duenez.
Martxoaren 25ean, Amurrioko (Araba) Tubacex lantegiaren aurrean izan ziren mobilizazioetan parte hartu zuten hiru gazteri lau urte baino gehiagoko espetxe zigorrak ezartzea eskatu du Fiskaltzak desordena publikoak eta agintaritzaren aurkako atentatua leporatuta, LABek jakitera eman duenez. Sindikatu abertzaleak, aldiz, "klase elkartasuna eta langile borroka kriminalizatzeko enegarren ahalegina dela" salatu du.
Sindikatuak ohar batean azaldu duenez, Ministerio Publikoak gazteei "modu koordinatuan eta mobilizazioko ehunka pertsonen laguntzarekin" jardutea egotzi die.
"Beste behin ere, Tubacexen greban zehar piztu zen langileen arteko elkartasuna zigortu eta kriminalizatu nahi dute", salatu du LABek. Sindikatuak deitoratu du enpresa horretako mobilizazioa "zigortzeko aurreneko saiakera ez dela, ezta bigarrena ere".
Sindikatuaren ahotan, "greban zehar zein ondoren, isun, mehatxu, akusazio eta neurriz kanpoko ekintza ugari pairatu behar izan dituzte Tubacexeko beharginek eta elkartasuna adierazi zien orok".
Sindikatuak nabarmendu duenez, egun hartan "jokaera erabat neurrigabea Ertzaintzak izan zuen, hainbat aldiz kolpatuz eta kargatuz, baita buruaren parean foama jaurtiz ere".
Horregatik, hiru gazteen aurkako akusazioak eta salaketak "ez datoz bat errealitatearekin, eta ez dira gertakari zehatz batzuen ondorio; aitzitik, langile borrokaren eta elkartasunaren kontrako jazarpen estrategiaren barruan kokatzen da", erantsi duenez.
Hiru gazte horien aurkako "akusazioak eta inputazioak bertan behera uzteko" eskatu du, hala nola, langileenak edo Tubacexeko "pikete edo manifestazioetan parte hartu izan zuen edozein pertsona solidariorenak".
Era berean, hiru pertsona horien absoluzioa eskatu du, baita Tubacexeko greba eta lan gatazkaren harira salatuak eta auzipetuak izandako guztien absoluzioa ere.
Tubacexeko greban auzipetutako 3 gazteren aurka 4 urte eta 7 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak. Klase elkartasuna eta langile borroka kriminalizatzeko enegarren ahalegina da. Guztien absoluzioa eskatzen dugu:https://t.co/MizYYAMhde#Borrokasindikalaaurrera
— LAB SINDIKATUA (@LABsindikatua) August 3, 2022