ENERGIA
Espainiako Gobernuak bere horretan mantenduko du energia aurrezteko neurrien dekretua
EITB MEDIA
Ministerioak proposamenak abuztuaren 31 baino lehen idatziz bidaltzeko eskatu die erkidegoei. Eusko Jaurlaritzak energiaren dekretu legea betetzeko borondatea erakutsi du, baina malgutasuna eskatzen du. Nafarroako Gobernuak "babesa espresuki" azaldu dio planari.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Espainiako Gobernuak energia aurrezteko neurriei buruzko dekretua mantenduko du, aurreikusitakoaren arabera, Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroak azaldu duenez. Gainera, autonomia erkidego guztiek dekretu horretan laguntzeko borondatea eta betetzeko konpromisoa agertu dutela ziurtatu du.
Riberaren arabera, Ministerioak autonomia erkidegoei beren proposamenak abuztuaren 31 baino lehen idatziz bidaltzea eskatu die; beraz, oraingoz, kontingentziarako proposamenen zain daude. Hala ere, ministroak argi utzi du dekretua ez dela aldatuko.
Lege-dekretua dagoeneko indarrean dago eta neurri batzuk aste honetan jarriko dira indarrean. Asteazkenetik aurrera, eraikin publikoek, merkataritza-guneek eta saltoki handiek 27 gradutara mugatubeharko dute aire girotuaren erabilera udan, eta 19 gradutara neguan. Halaber, erakusleihoek argia itzali beharko dute gauez.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, bere aldetik, astelehen honetan dekretu legea betetzeko bere "nahia" erakutsi du, baina "malgutasuna" eskatu du.
Halaber, autonomia erkideagoek batera lan egiteko deia egin du "negu zaila" datorrelako. Tapiak gaineratu du Euskadik "beti elkartasunetik eta energia aurrezkiaren alde" jokatuko duela. Sailburuak gaineratu du Ministeriora bere plana eta ekarpenak bidaliko dituela.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak "babesa espresuki" azaldu dio planari, eta industria sektorean neurriak areagotuko dituela iragarri du. Mikel Irujo Garapen Ekonomikoko kontseilariak parte hartu du konferentzian.
Horrela, Irujo kontseilariak "Energia Eraginkortasunerako Industria Foroa sortzea" eskatu du, industriak informazioa eta esperientziak partekatu ahal izateko. "Europako araudiaren transposizioan hutsune legalak sortzen ari dira", ohartarazi du Foru Erkidegoko kontseilariak.
Irujok gogorarazi duenez, Nafarroako "BPGren % 31 industriak jartzen du, baina energia kontsumoaren % 38 suposatzen du. Hain zuzen ere, sektore horretan areagotuko dituzte eraginkortasun neurriak".
Azkenik, Madrilgo Erkidegoak jakinarazi du errekurtso bat aurkeztuko duela, legea "konstituzioaren aurkakoa" delako, eta "eskualdeko eskumenak zalantzan" jartzen dituelako.