Elkarrizketa Euskadi Irratian
Igor Arroyo: "Jaurlaritza utzikeriaz ari da, gutxieneko 1.400 euroko soldata ados lezake eta ez du egiten"
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
LABeko koordinatzaile orokorrak aitortu du "kezkaz" hartu dituztela lehendakariak errenta itun baten beharraz egindako adierazpenak. Horren hitzetan, "Jaurlaritzak ez du jarrera neutral bat, langileak ahultzeko interbentzioak egin ditu".
Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorra oso kritiko azaldu da Eusko Jaurlaritzaren politika ekonomikoarekin, eta leporatu dio "utzikeriaz" jardutea. Izan ere, esan du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) gutxieneko 1.400 euroko soldata ados daitekeela akordio interprofesionalen bidez (sektore guztietan aplikatzekoak diren lan baldintzak zehazten dituen ituna), baina "ez du egiten".
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan elkarrizketa egin dioten elkarrizketan, Iñigo Urkullu lehendakariak errenta itunari berriro heltzeko egindako eskaeraz ere mintzatu da Arroyo. Aitortu du "kezkaz" jarraitu dituztela adierazpenok, ez baitzuten asmo horien berri. Gainera, salatu duenez, "Jaurlaritzak ez du posizio neutral bat. Ikusi dugu Mercedesko gatazkan, baina baita Bizkaiko metalean, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Langileak ahultzeko interbentzioak egin ditu. Eta bestetik, Eusko Jaurlaritzak askotan berak egin dezakeenari ere uko egiten diola, nolabaiteko utzikeriaz jokatzen duela".
Patronala bera ere "iruzur" egiten ari dela uste du LABeko koordinatzaile orokorrak, soldatak KPIaren arabera ez moldatzeko sortu den eztabaidaren kontura. "Multinazionalek egoera baliatu nahi dute euren etekinak gizentzeko. Ez gara ari enpresa txikiez, zailtasunak dituzten horiez; horiek salbuespenak dira, eta horrelakoetan gure ekonomistekin hitz egiten dugu beti eta malguak izaten saiatzen gara".
Horren ildoan, argi utzi du LABek ez duela sinatuko langileen eros-ahalmena bermatzen ez duen itunik. Azaldu duenez, "lan hitzarmenek iraunaldi jakin bat izaten dute, 2-3 urte izan daitezke. Guretzat ezinbestekoa da iraunaldiaren amaieran KPIaren igoera bermatuta egotea".
Arroyok uste du langileriaren artean badagoela "borondatea eta determinazioa" dagokiona eskatzeko, eta azpimarratu du "borroka ziklo berri bat martxan" dagoela, akaso greba orokorraren aukera piz dezakeena. Dena den, aitortu du gaur-gaurkoz ez dagoela LAB eta ELA sindikatuen arteko "aliantza orokorrik"; "arrazoi ezberdinak tarteko, momentu honetan ez da posible", argitu du. Sindikatu abertzaleen artean bi ezberdintasun nagusi ikusten ditu LABeko buruak: batetik, "ELAk sindikatu bezala ulertzen du konfrontazioa; guk klase ikuspegia lehenesten dugu", bestetik, "guk uste dugu interpelazio orokorra egin behar dela, joko-arauak aldatu behar direla eta horretarako burujabetza propioa behar dugula, eta ELAk ez du ikusten hori, ez behintzat ekintzetan".
CCOO eta UGT sindikatuen jarrera ere "kezkatzen" duela onartu du. Horren esanetan, "Euskal Herrian euren ordezkotasuna ez da determinantea baina erabaki asko Madrilen hartzen dira, eta hor CCOO eta UGT sindikatuek babestu egin dituzte langileentzat kaltegarriak diren erabakiak (...) Beldur gara ildo horretan jarraituko duten".