Langabezia
Langabezia % 2,31 igo da abuztuan EAEn, eta % 1,52 jaitsi da Nafarroan
EITB Media
2.564 pertsona gehitu dira abuztuan Lanbideko zerrendan; halere, iazko abuztuan baino 8.502 lagun gutxiago daude lanik gabe. Nafarroan, uztailean baino 479 langabe gutxiago daude egun.
Uztailean baino 2.564 langabe gehiago (% 2,31) izan dira Euskadin abuztuan, eta 113.758 langabe daude guztira, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan erregistratutako datuen arabera. Azken hilabeteetako beherazko joera eten da gorakada honen ondorioz. Hala ere, 2021eko abuztuaren aldean, 8.502 langabe gutxiago daude, urte arteko konparaketan % 6,95eko beherakada, beraz.
Euskadin, Gizarte Segurantzan 969 294 afiliatu daude, uztailean baino 12 727 gutxiago, hau da, % 1,30 gutxiago. Aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta, 16 173 afiliatu gehiago zenbatu dira, hau da, % 1,70eko gehikuntza.
Kontratazioari dagokionez, azken hilabeteetako joerari eutsi zaio, eta kontratazio mugagabea nabarmendu da, mugagabeak baitira sinatutako kontratuen % 23,28, 55.906 kontratu berrietatik 13.013. Alde nabarmena dago datu horren eta 2021 itxi zenean zegoenaren artean (% 9,3), indarrean dagoen lan erreforma oraindik onartu gabe zegoenekoaren artean, alegia.
Abuztuan, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren titularren kopurua 673 pertsonatan jaitsi da, eta 49.154 pertsonatan kokatu da. Gainera, 19.623 pertsonak dute aitortua Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera, eta horietatik 10.007k DSBEarekin osatzen dute.
Alfonso Gurpegui Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratze sailburuordeak aitortu du langabeziaren igoera "albiste txarra" dela beti, baina ziurtatu du Euskadin abuztuan erregistratutako langabeziaren datuek ez dutela zertan "joera baten sinale" izan. Ohar batean azaldu duenez, langabeziak "historikoki" gora egin ohi du abuztuan. Gogoratu du udako gorakada hori 2007an ere gertatu zela, Euskadik "langabezia teknikoaren tasak" zituenean. Hori dela eta, datuen "irakurketa osoa" egiteko deia egin du.
Gurpeguik nabarmendu duenez, Euskadik "erresistentziarako eta enplegua berreskuratzeko gaitasun handia" erakutsi du, "nahiz eta pandemia, hornidura-arazoak, energia-prezioak eta Ukrainako gerra izan". Bere ustez, hori posible izan bada, "gobernuek hartzen dituzten neurriei, elkarrizketa sozialari eta enpresen eta langileen arteko akordioari esker" izan da, eta gaineratu duenez "hori da hilabete honetatik aurrera areagotu nahi dugun bidea", gaineratu du.
Datu onak Nafarroan
Nafarroan, datuak positiboak dira, abuztuan 479 langabe gutxiago izan baitira Foru Erkidegoan; uztaileko datuekin alderatuta, % 1,52 gutxiago. Gaur egun, 30.961 pertsona daude langabezian, 2021eko abuztuan baino 3.092 gutxiago (% 9,08).
Gizarte Segurantzako afiliazioa 894 pertsonatan jaitsi da joan den abuztuan Nafarroan, % 0,30, eta 300.156 dira afiliatuak egun. Duela urtebeteko afiliazioarekin alderatuta, Gizarte Segurantzan altan dauden langileen kopurua 6.067 pertsonatan hazi da Foru Erkidegoan, % 2,06, beraz.