Kontsumoa
Carrefourren 30 euroko erosketa saskia: oliba oliorik eta elikagai freskorik gabe, baina txokolate zuriarekin
Agentziak | EITB Media
Zerrenda osatzen duten 30 produktuak Carrefour markakoak dira, tartean, ilarrak, oilasko salda edo arto kontserbak, pikillo piperrak, barrengorri xerratuak eta albondigak saltsan.
Carrefour supermerkatu konpainiak 30 euroko erosketa saskiaren produktu zerrenda argitaratu du astelehen honetan. Esnerik, oliba oliorik, arrautzarik, lekalerik, fruta freskorik eta haragi edo arrainik ez du saskiak.
Besteak beste, gatza, irina, ekilore olioa, galletak, kafea edo moldeko ogia izango ditu 30 produktuko erosketa saskiak, Frantziako multinazionalak webgunean jakitera eman duenez.
Yolanda Diaz Lan eta Ekonomia Sozialeko ministroak funtsezko produktuekin eta prezio "izoztuekin" erosketa saski bat finkatzeko proposamena egin du. Proposamena eztabaidatzen ari zirenean, produktu sorta argitaratu du konpainiak.
Zerrenda osatzen duten 30 produktuak Carrefour markakoak dira, tartean, ilarrak, oilasko salda edo arto kontserbak, pikillo piperrak, barrengorri xerratuak eta albondigak saltsan.
Era berean, hanburgesa ogia; limoi tea; laranja, limoi eta azenario zukua; ozpina; kafea; arto zerealak; melokotoi marmelada edo txokolate zuria izango dira saskian.
Elikagaiak ez diren produktuak ere jasoko ditu saskiak: komuneko papera, detergentea, baxera detergentea, lixiba, kristal garbigarria, hortzetako pasta, konpresak eta bainurako gela.
Produktu bakoitzaren salneurria 2023ko urtarrilaren 8ra arte mantenduko dutela ziurtatu du konpainiak.