Automobilgintza
Volkswagen konpainiak auto elektrikoen ekoizpenaren zati bat Landabengo lantegitik Martorellera eramango du
EITB Media
Konpainiak 40.000-50.000 auto elektrikoren ekoizpena Landabengo lantegitik Martorellera eramango du. "Zurrumurruen" inguruko adierazpenik egingo ez dutela esan du zuzendaritzak. Nafarroako Gobernuak Volkswagen Navarrako enpresa-batzordearekin "berehala" biltzeko asmoa du.
Volkswagen konpainiak 40.000-50.000 auto elektrikoren ekoizpena Landabengo (Nafarroa) lantegitik Martorellera (Katalunia) eramango du, La Tribuna de Automocion-ek aurreratu duenez.
Komunikabidearen arabera, Martorellek, Future: Fast Forward proiektuaren barnean, Cupra eta Volkswagen marketako 'zero isuriko' ibilgailuak soilik ekoitziko ditu. 2028tik aurrera 80.000-90.000 ibilgailu gutxiago suposatuko ditu Kataluniako lantegiaren ekoizpen programan.
Neurria orekatzeko, multinazionalak urtean Landabenetik Martorellera 40.000-50.000 ibilgailu transferitzea erabaki du, baina Nafarroako lantegiaren ekoizpen "estrari" bakarrik (malgutasun mekanismo guztiak eta asteburuko txandak martxan jarrita) eragingo diola ziurtatu du; beraz, ez lieke behargin finkoei eragingo.
Komunikabideetako "zurrumurruen" inguruko adierazpenik egingo ez dutela esan du zuzendaritzak.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak Volkswagen Navarrako enpresa-batzordearekin "berehala" biltzeko asmoa du, 2026tik aurrera balizko ekoizpen faltaren inguruan hitz egiteko, horrek Landabeneko langile kopurua murriztu dezakeelako.
Elma Saiz Foru Exekutiboko bozeramaileak prentsaurrekoan jakitera eman duenez, enpresa-batzordeak eskatu du batzarra, eta "laster" bilduko dira.
Enpresa-batzordeak 2026tik aurrera ekoizpen bolumenak mantentzea eskatu zuen iragan ostiralean. Urtean 350.000-400.000 auto ekoitzi beharko direla uste dute beharginen ordezkariek.