Itxi

Zentral nuklearra

Gaztela eta Leongo Gobernuak Garoñaren gaineko ikerketa eskatuko du, 2030erako lanean egon litekeelakoan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gaztela eta Leongo Gobernuko presidenteorde Juan Garcia-Gallardok iragarri du, asteazkenean. Hipotesia da Garoña azken belaunaldiko zentral nuklear gisa zabaltzea, bi erreaktore berri jarrita.

Garoñako zentral nuklearra, artxiboko irudian. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.

Garoñako zentral nuklearra berriro irekitzeko aukera aztertzea helburu, Gaztela eta Leongo Gobernuak bideragarritasun-ikerketa lizitatuko du, Juan Garcia-Gallardo autonomia-erkidegoko presidenteordeak asteazkenean iragarri duenez. Hipotesia da Garoña azken belaunaldiko zentral nuklear gisa zabaltzea, bi erreaktore berri jarrita, eta, Garcia-Gallardoren iritziz, zentrala 2030ean egon liteke berriro lanean, "borondate politiko nahikorik egotekotan".

Zentrala eraispen-fasean dago, eta 2012ko abenduan utzi zion elektrizitatea ekoizteari. Garcia-Gallardok bisitatu du, eta, azaldu duenez, teknikariek uste dute berriro irekitzeko aukera bideragarria dela; ziurtatu ere ziurtatu du "erabaki estrategikoa" dela. Gaztela eta Leongo presidenteordeak adierazi duenez, azpiegitura horrek, "hainbat eta hainbat urtez, energia garbia, ugaria eta merkea eman zion Espainia osoari, eta guztiz garrantzitsua izan zen lan zuzena eta zeharkako lana sortu zuen Tobalina bailaran" (azken hori Burgosen dago).

Dena dela, ohartarazi du hurrengo hilabeteak "erabat zailak" izango direla, kontuan izanik argindarraren prezioa oso altu dagoela, eta iragarri du familia eta enpresa askok arazoak izango dituztela bizitzari eta enpresa-jarduerari eusteko. Hori dela eta, argudiatu du zergatik hartu duten "horrelako erabaki estrategikoa", alegia, bideragarritasun -ikerketa eskatzea.

"Egia da ez dela erraza, segituan ezingo dela eraiki eta ikerketa guztiak egin beharko dituztela: ingurumen-ikerketak, ikerketa teknikoak, eragin sozialaren gaineko ikerketak. Baina egia da pentsatu behar dugula ez bakarrik ondorengo hilabeteetan edo asteetan, baizik eta ondorengo belaunaldietan", adierazi du Garcia-Gallardok.

Albisteak (1)