Itxi

Elkarrizketa Radio Euskadin

Garzon: "Erosketa orga merkatzea posible da; banaketa enpresek bat egin beharko dute lehenago edo geroago"

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Leer en Castellano

Espainiako Gobernuko Kontsumo ministroak nabarmendu duenez, banaketa enpresa handiei eskatu dietena da euren mozkin "oso altu" horiek "apaltzea", familien mesedetan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Alberto Garzon Espainiako Gobernuko Kontsumo ministroaren aburuz, "posible da" erosketa saskia merkatzea, eta ziur agertu da banaketa enpresa handiek, lehenago edo geroago, ekimenarekin "bat egingo" dutela. 

Radio Euskadiren "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean —eitb.eus-en ere zuzenean jarraitu ahal izan da—, Izquierda Unidako (IU) koordinatzailea ere badenak esan du konpainia handi horiek "mozkin oso altuak" dituztela, eta horiek "apaltzea" eskatzen ari dietela, familien mesedetan. Ildo horretan, adibidea jarri du: Andaluziako supermerkatu kate txiki batek 100 produkturen prezioa izoztu du. "Nola ez dute bada banaketa enpresa handiek hori egin ahal izango? Noski egin dezaketela", gehitu du. 

Enpresoi prezio jakin batzuk jartzera derrigortzera helduko ote diren ala ez, Garzonek ezezkoa erantzun du: "Une honetan, ez gaude fase horretan". 

Kontsumo Ministerioak oinarrizko erosketa orga horretan sartu beharko liratekeen produktuen zerrenda kaleratu berri du; tartean daude frutak, barazkiak, lekaleak eta proteinak. Horri buruz galdetuta, Garzonek azaldu du Ministerioak "bere bide orri propioa" duela, banaketa enpresek, "interes komertzialen arabera" eurena duten bezala. Hori horrela, "ahalegin kuantitatiboa egiteaz gain, ahalegin kualitatiboa" eskatzen zaiela nabarmendu du, orga horrek "arrazoizko prezioa izateaz gain, osasuntsua ere" izan dadin. Jakinarazi duenez, "baliabide gutxien dituzten familiek baliabide gehien dituztenen gizentasun tasa bikoitza dute", eta horrek, argudiatu du, eragina du osasun publikoan.

Eskola jantokietan ere elikadura osasuntsua bermatzearen alde dago Kontsumo Ministerioa, eta, horren harira, proposamena egin dutela zehaztu du Garzonek. Izan ere, horren ustez, "batzuetan enpresa pribatuek euren etekinak maximizatu nahi dituzte eta kalitate gutxiagoko produktuak eskaintzen dituzte". Horren aurrean, kontsumo eredu osasuntsuagoak babestu ditu, dieta mediterraneoarekin bat egiten dutenak. 

Azkenik, energia enpresei ezartzekoa zaien zerga berezia hizpide hartuta, azpimarratu du Espainiako Gobernuak eta Europako Batzordeak "iritzi bertsua" dutela, eta Europako Alderdi Popularrak berak ere tesi horrekin bat egin duela. Orain, bi proposamenak "sinkronizatzea" da kontua, azaldu duenez.

Albisteak (2)

Bideoak (1)