2023ko aurrekontuak
Nafarroako Gobernuak 5.215 milioi eurora igo du 2023ko gastu muga, inoizko handiena
EITB MEDIA
Elma Saiz Foru Gobernuko bozeramaile eta Ekonomia eta Ogasun kontseilariak zehaztu duenez, kopuruan Europatik heldutako 245 milioi euroak daude.
Nafarroako Gobernuak foru aurrekontuetarako gastu ez finantzarioaren muga onartu du 2023 ekitaldirako. Horrenbestez, 5.215,9 milioi euroko aurrekontua izango du, iaz baino % 9,4 handiago (449 milioi euro gehiago).
Nafarroak inoiz izan duen inbertsio publiko altuena izango da hurrengo urtekoa, Elma Saiz Nafarroako Gobernuko bozeramaile eta Ekonomia eta Ogasun kontseilariak prentsaurrekoan nabarmendu duenez.
Marka historiko horretan jarri du azpimarra kontseilariak. Saizen arabera, "Gobernu honek baliabide publikoen aldeko apustua egiten du, garapen ekonomikoa eta aurrekontu egonkortasuna bultzatzearren". Zehaztu duenez, kopuruan Europako funtsetatik heldutako 245 milioi euroak daude.
Ekonomia eta Ogasun Departamentuak egindako aurreikuspenen arabera, 2023an Barne Produktu Gordina (BPG) % 1,4 haziko da eta inflazioa apur bat jaitsiko, % 4,8an finkatuta.
Gastu muga osoa onartuta, Nafarroako Gobernuko Departamentu ezberdinek 2023rako gastu-proposamenak egingo dituzte datozen asteetan. Behin proposamen horiek jaso eta aztertuta, Nafarroako Gobernuak 2023rako Aurrekontu Orokorren Legearen aurreproiektua onartuko du.
Zirriborroak hainbat erakunderen oniritzia (Nafarroako Kontseilu Ekonomiko eta Soziala, Ingurumen Kontseilua eta Toki Araubideko Foru Batzordea) jaso behar du, testua lege proiektu gisa onartu aurretik. Ondoren, Nafarroako Parlamentura bidaliko da, eztabaida dezaten. ¿¿¿¿¿¿¿
Gainerako taldeekin egin beharreko negoziazioaz, Saizek esan du denekin hitz egiteko prest daudela. "Hemendik aurrera, departamentu guztiekin lan egingo dugu eta, ondoren, gainerako taldeei —siglarik ez du aipatu— eskua luzatuko diegu lortu beharreko adostasunak lortzeko".