Itxi

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Ayerza (Adegi): "Europa mailan, energiaren prezioak mugatu behar dira enpresak bideragarriak izateko"

O. A. | EITB MEDIA

Gipuzkoako Enpresarien Elkarteko zuzendari nagusiaren arabera, enpresak zaindu egin behar dira aberastasuna sortzen jarraitzeko eta ongizate maila mantentzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Jose Miguel Ayerza Adegi Gipuzkoako Enpresarien Elkarteko zuzendari nagusiak onartu du enpresek "nahiko ondo" eutsi diotela uda bitartean, baina poliki-poliki adierazle guztiak okertzen ari direla "gerrak jarraitu egiten duelako, ziurgabetasunak handiagoak direlako eta mehatxuak gero eta gertuago daudelako". Testuinguru horretan, Europa mailan energiaren prezioak mugatzea eskatu du enpresak bideragarriak izateko: "Ezin dugu herrien arteko lehia bat sortu".

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, enpresak zaintzeko beharraz hitz egin du aberastasuna sortzen jarraitzeko eta ongizate maila mantentzeko.

Langileen soldata igoerak ere hizpide izan ditu. Adegiko buruaren iritziz, aurreikuspen ekonomikoak ikusita, gero eta zailagoa izango da KPIaren araberako soldata igoerak adostea. "Aurrerantzean, negoziazioa ez da erraza izango", gaineratu du.

Aste honetan Espainiako Gobernuak funtzionarioen soldata 2024ra arte % 9,5 igotzea onartu duela eta, uste du erreferentzia ona izan daitekeela sektore pribatuarentzat. "KPIa ez da bermatzen soldata publikoetan, eta behar bada, bide bat markatzen du arlo pribatuan ere antzeko zerbait egiteko", azpimarratu du.

Fiskalitateaz galdetuta, nabarmendu du ez duela une honetan beharrezkoa ikusten Euskal Autonomia Erkidegoko zerga sisteman aldaketak egitea.

Frantzian gero eta ozenago entzuten ari den desindustrializazio arriskuaz, ostera, esan du "hemen" ez duela epe laburrean horrelako mehatxurik antzematen.

Albisteak (1)

Audioak (1)