Itxi

Aurrekontu Orokorrak

Aurrekontu Orokorretan benetako inbertsioan Nafarroak jasoko dituen 103 milioietatik, 62 AHTrako izango dira

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Foru Erkidegoak Estatuko bigarren inbertsiorik txikiena jasoko du, baina, 2022ko Aurrekontuekin alderatuta, inbertsio hori beste inon baino gehiago hazi da. "Egonkortasuna eta ziurtasuna eskaintzen dituzte kontu hauek", dio Jose Luis Arastik, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen bozeramaileak.

Jose Luis Arasti espainiar Gobernuko Nafarroako ordezkaria, ostiralean. Argazkia: EITB Media.

Aste honetan Espainiako Gobernuak onartutako Estatuko Aurrekontu Orokorretan aurreikusita dagoenez, Nafarroak 103,8 milioi euro jasoko ditu benetako inbertsio gisa; ostiralean Jose Luis Arastik, alegia, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen bozeramaileak zehaztu duenez, Abiadura Handiko Trenaren proiektuak kontu sail horretako 62 milioi baino gehiago baliatuko ditu. Foru Erkidegoak Estatuko bigarren inbertsiorik txikiena jasoko du, baina, 2022ko Aurrekontuekin alderatuta, inbertsio hori beste inon baino gehiago hazi da. "Egonkortasuna eta ziurtasuna eskaintzen dituzte kontu hauek", esan du Jose Luis Arastik.

Testuinguru horretan, Nafarroak Aurrekontuek autonomia erkidegoetarako aurreikusten duten inbertsioaren % 0,8 jasoko du, hau da, soilik Errioxak baino gehiago; nolanahi ere, onartutako kontuek aurrekoek baino 27 milioi gehiago adierazten dituzte Nafarroarako, inbertsioan.

Aurrekontu proiektuak, Arastik azaldu duenez, 103,8 milioi euro ditu Nafarroarako benetako inbertsioan; horrez gain, Foru Gobernuak beste 15 milioi jasoko ditu, kapital transferentzia moduan, N-121-Ako 2+1 bideko lanetarako.

Inbertsio nagusiena trenbide garraioari dagokio, bereziki Abiadura Handiko Trenari. Trenbide garraioak 71,03 milioi euroko kontu saila jasoko du, eta Zaragoza-Iruñea-Euskal Y Abiadura Handiko lineak 62,89 izango ditu. TEN-T korridoreek, hau da, korridore transeuroparrek, bestalde, 8,1 milioi eurotik gora jasoko dituzte.

Estatuko Aurrekontu Orokorrek, espainiar Gobernuko ordezkariaren esanetan, "zerbitzuak are gehiago indartzen dituzte, hazkunde inklusiboa erdiesteko, eta erdi mailako klaseak eta klase langileak sendotzeko oinarrizko ezaugarri gisa. Gainera, gizatalde zaurgarrienak babesten dituzte".

Bigarren kontu sailik handiena, ia 20 milioikoa, ur azpiegituretarako izango da. Nafarroako Kanalak ez du aurrekontu esleipenik, 2023rako.

Albisteak (2)