RADIO EUSKADI
Junkera: "Denok estutu behar dugu gerrikoa: enpresek, langileek, akziodunek eta ogasunek"
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
ADEGI Gipuzkoako Enpresen Elkarteko presidentearen hitzetan, gaur egun euskal enpresen egoera ona da, baina "atzeraldiaren mamua hor dago". Eragile guztiek euren "eskuzabaltasuna eta elkartasuna" agerian uzteko ordua dela uste du.
"Egonezina eta nahasmendua" dira Gipuzkoako enpresarien egoera ondoen definitzen dituzten hitzak, Eduardo Junkera ADEGI Gipuzkoako Enpresen Elkarteko presidentearen esanetan. Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan esan duenez, gaur gaurkoz enpresen egoera "ona" da, baina etorkizun hurbilean atzeraldiaren aukera ez dute baztertzen. Areago, azaldu du "baldin eta Ukrainako gerra ez bada amaitzen", enpresa askok ezingo diotela eutsi. Egoera bideratzeko giltza "Putin izeneko pertsonaia" baten eskuetan dagoela gaineratu du.
ADEGIko buruaren hitzetan, inflazioa etenik gabe goraka ari den honetan, alde guztiak —enpresak, langileak eta administrazioak— pobretuta aterako dira, eta horri aurre egiteko ahalegina, "alde guztiek elkarrekin" egin behar dute. "Denok estutu behar dugu gerrikoa". Zentzu horretan, errenten ituna tresna egokia izan daitekeela iritzi dio, besteak beste, soldatak adosterakoan. Betiere, hori bai, "nahiezkoak diren enpresak kaltetu ez daitezen". "Enpresak dira aberastasuna sortzen dutenak, gure ongizate mailari eusten diotenak eta enplegua sortzen dutenak. Beraz, enpresak jarri behar dira erdigunean, eta inguruko guztiekin hitz egin... Noski, alde guztiei eskuzabaltasuna eta elkartasuna eskatu behar zaizkie", azaldu du, "gehien duenak gehiago ordaindu" behar duela esan ondotik.
Halere, Junkera oso kritiko agertu da ondasunen gaineko zergarekin. Bere iritzian, tasa horrek "gehien aurreztu duena zigortzen du". Ez du uste kohesio soziala ahalbidetuko duenik zerga horrek, "oso bidegabea" baita. Haren esanetan, "aurrez bere errentari dagozkion zerga guztiak ordaindu dituenak, orain, aurreztu duenagatik ordaindu behar du".
Zerga erreformari buruz, berriz, "enpresen egonkortasuna" lehenesteko eskatu die erreforma hori bideratzen ari diren erakundeei. Zentzu horretan, bi eztabaida faltan botatzen dituela adierazi du: "zer egin behar dugu Estatura diru gehiago sar dadin, eta zer egin behar dugu gure gastua eraginkorragoa izan dadin. Bi eztabaida horiek ez ditut ikusten".