Itxi

NAFARROA

Espainiako Gobernuak 40 milioi euro bideratuko ditu Belateko eta Almandozeko tuneletako obretara

A. S. | EITB MEDI

Leer en Castellano

Geroa Baik egindako galdera bati erantzunez egin ditu adierazpenok Nafarroako Gobernuko presidenteak 2023rako Estatuko Aurrekontu lege proiektuan Nafarrorako aurreikusitako inbertsioei buruz ostegun honetan egin den osoko bilkuran. Tunelak bikoizteko lanak datorren urtean hasiko dira.

Belate eta Almandozko tuneletan egitekoak diren obren irudi bat. Argazkia: Navarra.es

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak iragarri du Foru Erkidegoak 40 milioi euro gehiago izango dituela 2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorretan, N-121-A errepidean (Iruñea-Behobia) dauden Belateko eta Almandozeko tunelak bikoizteko obretarako. Obrak datorren urtean hastea aurreikusten da.

Geroa Baik egindako galdera bati erantzunez egin ditu adierazpenok Chivitek ostegun honetan Nafarroako Parlamentuan 2023rako Estatuko Aurrekontu lege proiektuaren harira egin den osoko bilkuran.

Hala, oraingoz, Nafarroak Espainiatik 118 milioi euroko inbertsioak jasoko ditu (103 milioiko inbertsioa gehi 15 milioiko transferentzia arrunta N-121-A errepideko obretarako). Belateko eta Almandozeko tuneletarako 40 milioiak gehituta, 158 milioi dira guztira, eta hori "hobekuntza nabarmena da aurreko aurrekontuekin alderatuta", nabarmendu du Nafarroako presidenteak.

Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramaileak, bere aldetik, esan du Espainiako Gobernuak Nafarroan egiten duen inbertsio hori ez dela nahikoa. Barkosen hitzetan, 2023rako aurrekontuak egotea "albiste ona" da, eta, adierazi duenez, "lehen begiratuan", proiektuak Nafarroarako inbertsio handiagoa aurreikusten du, baina oraindik gabeziak daude, nabarmendu duenez.

Horrelakoa izango da etorkizuneko tunelen ibilbidea

Bikoizketa-trazadura berriak 7.647 metroko luzera izango du, eta dagoenaren ondoan egingo da, ezkerraldean. 27+040 kilometro-puntuan hasiko da, eta 5 tarte izango ditu: Belateko tunelaren aurreko aire zabaleko zatia; Belateko tunela; tunelen arteko aire zabaleko tartea; Almandozko tunela; eta Almandozko tunelaren osteko aire zabaleko zatia.