Itxi

2023ko aurrekontu plana

Espainiak 10.500 milioi euroko diru-sarrerak iragarri dizkio Bruselari, energia-krisiari aurre egiteko

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Gobernuak 2023ko Aurrekontu Plana bidali dio Europako Batzordeari. Plan horrek diru-sarreren eta gastuen bi agertoki ekonomiko aurreikusten ditu lehen aldiz.

Maria Jesus Montero, Espainiako Ogasun ministroa. Artxiboko argazkia: EFE

Espainiako Gobernuak 2023ko Aurrekontu Plana bidali dio larunbat honetan Europako Batzordeari. Plan horrek, lehen aldiz, balizko diru-sarreren eta gastuen bi agertoki aurreikusten ditu, "ziurgabetasun handiko testuingurua" dela eta, Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioz.

Bigarren agertokiak hasieran kalkulatutakoa baino 10.500 milioi gehiago biltzea aurreikusten du, eta horrek "luzatzeko eta komenigarritzat jotzen diren neurriak hartzeko tartea emango du; kolektibo zaurgarriak, erdiko klasea eta langileak, autonomoak eta energia-krisiak gehien kaltetuako ekoizpen-sektoreak babesteko".

Zehazki, 2023ko Aurrekontu Planaren lehen agertokian, kontserbadoreena, jasotzen du Administrazio Publiko guztien guztizko diru-sarrerak BPGaren % 42,3 izango direla, eta 587.609 milioi euro nazio mailako kontabilitateari dagokionez. Zergak 344.627 milioira iritsiko dira, 2022an baino % 7,6 gehiago.

Diru-bilketa handiago hori neurri fiskal berrien eraginaren ondorio da, hala nola Sozietateen gaineko Zergan gutxieneko tasa aplikatzea, berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga berezia indarrean sartzea; eta zergazkoak ez diren neurriak sarzea, hala nola aldi baterako karga berria energia- eta finantza-sektoreetan.

Bestalde, 2023rako bigarren agertokian, administrazio publiko guztien guztizko diru-sarrerak BPGren % 43 izatea aurreikusten da, 597.265 milioi eurora iritsiz nazio mailako kontabilitatean.

Bigarren egoera horretan, zergak 354.283 milioi eurokoak izango dira, hau da, 2022an baino % 7 gehiago; baina 5 puntuko moteltzea ekarriko luke horrek ekitaldi honetarako hazkundearen zenbatespenarekin alderatuta.

Egoera horretan aurreikusten diren energia-arloko zerga-beherapenetarako neurrien 2023rako balizko luzapenak azalduko luke zerga-sarreren hazkunde txikiago hori.

Ogasunak adierazi duenez, dokumentuak argi uzten die Europako agintariei 2023ko aurrekontuen lehentasuna justizia soziala dela, Ongizate Estatua indartuz, eragikortasun ekonomikoarekin batera, eredu produktiboaren eraldaketak bultzatutako kalitatezko enpleguaren hazkundearen eta sorreraren bidez.