Itxi

lana

Euskadiko patronala: "Migratzaileak behar ditugu erretiratze handiaren aurrean"

agentziak |eitb media

Leer en Castellano

Confebaskek eta EAEko hiru patronalek egindako azterketaren arabera, egungo oparotasunari eusteko, 400 000 langile gehiago beharko dira datozen 30 urteetan.

Ikerketaren arabera, langileriaren gehiengoa 20 edo 30 urtetan erretiratuko da. Argazkia: EFE

Euskadiko patronalaren esanetan, Euskadik migrazioa bultzatuko duen politika bat behar du, langileriaen gehiengoak 20 edo 30 urteren buruan hartuo baitu erretiroa eta, beraz, "erretiratze handia" delakoaren arazoa sortuko da.

Confebaskek eta hiru lurraldeetako patronalek urteroko ekitaldi bateratua egin dute Bilbon astelehen honetan, pandemiaren ostean berreskuratuta, eta "Euskal enpresak erronka demografikoaren aurrean" gaia izan dute hizpide. Bertan, horri buruzko ikerketa bat aurkeztu dute.

Eduardo Aretxaga Confebaskeko zuzendari nagusiak txostenaren aurkezpenean azaldu duenez, hiru landunetik bik 40 urte baino gehiago dituzte, eta horrek adierazten du "gure langile gehienek 20 edo 30 urtetan hartuko dutela erretiroa".

Azterlanaren kalkuluen arabera, egungo oparotasunari eusteko, hurrengo 30 urteetan 400.000 langile gehiago beharko dira (Euskadik milioi bat pertsona ditu Gizarte Segurantzan afiliatuta): 237.000 belaunaldi-erreleboa estaltzeko, eta 177.000 gehiago, hazkunde ekonomikoa sendotzeko.

Baina, euskal ekonomiak Estatuan zuen tamaina erlatinboa berreskuratu nahi bada, beste 140.000 langile gehiago beharko lirateke, txostenaren arabera.

Testuinguru horretan, Isabel Busto Confebaskeko presidenteak "herri estrategia" bat eskatu du, "guztion artean diseinatutako 'Basque Talent' estrategia moduko bat, aurrean dugun erronkari aurre egin ahal izateko".

Haren aburuz, estrategiak bi ardatz izan behar ditu: batetik, jaiotza-tasa sustatzeko eta lana eta familia bateragarri egiteko beharrezkoak diren laguntzak ematea; eta, bestetik, "enplegurako berariazko migrazio-politika bat, ihes egiten dutenekiko edo gure artean babesa bilatzen dutenekiko elkartasuna ahaztu gabe, noski, baina kontuan hartuta haien talentua ere behar dugula".