Itxi

Elkarrizketa Radio Euskadin

Lakuntza: "Confebask etorkizunaz ari da orainaldiaz edo prekarietateaz ez hitz egiteko"

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Leer en Castellano

ELAko idazkari nagusiaren ustez, "akordio politiko" baten bidez igo daitezke Hego Euskal Herriko langileen soldatak Espainiako Gobernuak ezarritakotik gora. Hala, Kongresuko "errealitate parlamentarioa" baliatzeko deia egin die EAJri eta EH Bilduri.

Lakuntza, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

Confebaskek atzokoan egindako irakurketa —20-30 urte barru izango den "erretiratze handiari" aurre egiteko migrazioa bultzatuko duen politika bat behar duela— "interesatua" iruditu zaio Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiari. Horren ustez, EAEko patronala "etorkizunaz ari da, orainaldiaz ez hitz egiteko", eta gaur egun nagusi diren "prekarietatea", "soldaten debaluazioa" eta "lan baldintza txarrak" aipatu ditu, berbarako.

"Zein da arazoa? Langilerik egongo ez dela? Lan baldintzen araberakoa izango da hori, lan baldintzak onak badira ez da beharginik faltako", arrazoitu du Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan.

Hego Euskal Herriko langile publikoen soldata Estatuko legea urratu barik igo daitekeen galdetuta, Lakuntzak esan du posible dela baina horretarako "akordio politikoa" erdietsi behar dela, "juridikoki oso zaila" baita. Horren ildotik, deia egin die EAJri eta EH Bilduri Kongresuko "errealitate parlamentarioa" baliatzeko —PSOEk eta Podemosek euren babesa behar dute aurrekontuak onartzeko—.  Halaber, "lapurtu diguten autogobernua berreskuratzeko zer egingo duten" ere galdetu die bi indarrei. Lakuntzaren esanetan, "ahotsa altxatu eta presionatu" beharko lukete, Estatutua "hustuta" baitu Estatuak oinarrizko legeekin.

Azpimarratu duenez, "enpresa batzuek inoiz baino diru gehiago irabazi dute aurten". Horrek ezinbesteko egiten du, horren iritzian, erreforma fiskal bat, etekin gehien dituzten enpresek gehiago ordain dezaten. "Europatik datorren musika da, baina hemen ez da entzuten", deitoratu du. Salatu du Petronor edo Iberdrola bezalako enpresek gutxien ordaintzen dutenak direla: "Ingeniaritza fiskalari esker, etekinen % 7,6 baino ez dute ordaintzen. Guk gutxieneko tasa % 25ekoa izatea eskatzen dugu", argitu du.

Albisteak (1)