Itxi

AUTOMOBILGINTZA

Seat-Volkswagenek onartu ditu ibilgailu elektrikorako Europako funtsaren laguntzak

N. B. | AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Horrela, Taldeak eta bere bazkideek 10.000 milioi euroko inbertsioari eusten diote Espainian, eta horrek, besteak beste, Landabengo (Nafarroa) fabrikaren elektrifikazioa ekarriko du.

Volkswagen markaren logotipoa. Artxiboko argazkia: EFE.

Seat-Volkswagen Taldeak Espainiako Gobernuari jakinarazi dio ibilgailu elektrikoaren Europako (PERTE) laguntza (397 milioi euro) onartzen duela, eta, beraz, bere inbertsio-proiektuari (10.000 milioi euro) eusten diola Espainian, Landabengo (Nafarroa) lantegiaren elektrifikazioa barne.

Volkswagen-Seatek eta PERTE elektrikoaren laguntzak esleitu zitzaizkien gainerako enpresek asteazken honetara arte zuten Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioari jakinarazteko laguntzak onartzen zituzten ala ez, eta Volkswagen taldeak epe hori agortu du, Espainiako Gobernuarekin eta planak egokitzeko inbertitzeko asmoa duten autonomia erkidegoekin asteetan negoziatu ondoren.

Wayne Griffiths Seat eta Cuprako kontseilari delegatuak nabarmendu duenez, Alemaniako partzuergoak, 60 bazkide baino gehiagorekin batera, "10.000 milioi euro inbertituko ditugu Espainian".

Seat eta Volkswagen taldeak gidatzen duten "Future: Fast Forward" proiektua da ibilgailu elektriko eta konektatuaren PERTEren lehen edizio honetan funts gehien lortu dituena, eta Martorell (Bartzelona) eta Landaben lantegien elektrifikazioa eta Sagunton (Valentzia) bateria gigafaktoria bat eraikitzea aurreikusten du.

Europako laguntza onartzeak "lasaitasuna" eman behar du

Nafarroako Volkswageneko enpresa batzordeko presidenteak, Alfredo Moralesek, adierazi du Volkswagen Taldearen eta Seaten erabakia "albiste oso positiboa" dela, eta "etorkizunerako itunaren negoziazio prozesua hasteko behar dugun lasaitasuna eman behar du, 2026tik aurrera enplegua bermatzeko behar duguna eman behar baitigu".

Landabenek ekoitziko dituen modelo elektrikoei dagokienez, Alfredo Moralesek azaldu du bi SUV modelo esleituko zaizkiola, bata Volkswagenena, eta bestea, Skodarena. "Aurreikuspen horrekin lan egiten dugu, datorren urtean plangintza-errondan baieztatuko diguten zain", azaldu du.

Bestalde, Elma Saiz Nafarroako Gobernuko bozeramaileak nabarmendu duenez, "injekzio ekonomiko garrantzitsua da Nafarroako Volkswagenentzat, Landabengo lantegiari bere lantegia modernizatzeko aukera emango diona, auto elektrikoaren fabrikazioa berehalako errealitatea izan dadin, eta Nafarroako Volkswagenen etorkizuna bermatze aldera".