Datuen babesa
70.000 euroko isuna jarri diote UPSri hartzailearen baimenik gabe bizilagun bati pakete bat entregatzeagatik
Agentziak | EITB Media
Gertakariak 2021eko martxoan jazo ziren. Orduan, Media Markti Internet bidez erosketa bat egin zion pertsonak salatu zuen UPSko banatzaileak paketea beste pertsona bati utzi ziola.
Datuak Babesteko Espainiako Agentziak (AEPD) 70.000 euroko isuna jarri dio UPS enpresari, eroslearen baimenik gabe Internet bidez eskatutako paketea bizilagun bati emateagatik.
Gertakariak 2021eko martxoan jazo ziren. Orduan, Media Markti Internet bidez erosketa bat egin zion pertsonak salatu zuen UPSko banatzaileak paketea beste pertsona bati utzi ziola, eta, beraz, datu pertsonalak hirugarren bati laga zizkiola, lehenengoaren baimenik gabe.
Dokumentazioa aztertu ondoren, Datuak Babesteko Espainiako Agentziako zuzendariak ebazpena eman zuen 2021eko ekainaren 7an, erreklamazioa atzera botaz.
Hala ere, erreklamatzaileak United Parcel Service (UPS) enpresaren aurka jarri zuen helegitea, bezeroaren datuen babesa bermatzeaz arduratzen baitzen.
Ebazpenak jasotzen duenez, Media Markt eta UPSren arteko kontratuak honako hau zehazten du: "hartzailea ez badago, paketea hartzailearen helbideko postontzian utzi ahal izango da, egokitzat jotzen bada, edo bizilagunari entregatu ahal izango zaio, igorleak entregatzeko aukera hori baztertu baldin badu salbu, zerbitzu gehigarri aplikagarria aukeratuta".