Itxi

Lan-istripua Nafarroan

Langile bat hil da N-121-A errepidean, Donezteben, makina zapalgailu batek harrapatuta

EITB Media

Leer en Castellano

Beharginak 42 urte zituen, eta Barañaingoa zen. LABek salatu du dagoeneko 67 direla aurten Euskal Herrian lan istripuz hildakoak.

Istripuaren tokia, N-121-A errepideko lanetan, Donezteben. Argazkia: Nafarroako suhiltzaileak

Langile bat hil da N-121-A errepideko lanetan, Donezteben (Nafarroa), SOS Nafarroak jakitera eman duenez. LAB sindikatuak zehaztu duenez, errepidea asfaltatzeko lanetan ari zela, makina zapalgailu batek harrapatu du.

Sindikatu abertzaleak salatu duenez, dagoeneko 67 dira aurten Euskal Herrian lan istripuz hildakoak.

Nafarroako komunikabideen arabera, langileak 42 urte zituen, eta Barañaingo bizilaguna zen. Ezbeharra 13:30 aldera gertatu da, Kontxako zerbitzugunetik gertu.

Bertako mediku taldea, Oronozko suhiltzaileak eta Foruzaingoaren patruilak bertaratu dira, eta ikerketaren ardura hartu dute.

Heriotzaren ostean lanek aurrera jarraitu izana gaitzetsi ostean, LAB sindikatuak "kapitalismoak eragindako beste lan heriotza bat" deitoratu du.

"Obretako arriskuek koordinatzailearen eta prebentzio-baliabidearen figura arautua eskatzen dute. Horrela, langile bat ezin da inoiz arrabol batera edo edozein gailu mugikorretara hurbildu, horretarako daude eskuragarri figura horiek, eta ezarritako lan osasuneko protokoloak", adierazi du sindikatuak ohar batean.

Ildo horretan, azpimarratu duenez, "araudiak dio patronalak bermatu behar duela, beste ezeren gainetik, lan osasuneko sistema integralaren inplementazioa eta bermeak. Zer esan promotorea Nafarroako Gobernua bera denean. Jakina, ez dira beharrezko neurriak hartu".

ELAk adierazi du patronalak eta Nafarroako Gobernuak erantzukizuna dutela laneko ezbehar-tasaren igoeran. Sindikatu abertzaleak babes osoa eskaini die biktimaren lankideei eta gertukoei, eta gertatutakoa argitzeko ikerketa sakona egitea, eta erantzukizunak argitzea eskatu du, ohar batean adierazi duenez.

Urtea amaitzeko hilabete eta erdi falta den honetan, 2022an, 18 pertsona hil dira lan istripuz Nafarroan. Altuera handietatik erorikoak, harrapaketak, kolpeak eta itotzeak dira heriotza horien arrazoi nagusiak, gehienak "erabateko prekarietate egoeretan eta enpresaburuak ezarri beharreko oinarrizko neurriekin erraz saihets daitezkeenetan".

ELAren iritziz, laneko ezbehar-tasa geldiaraztea, erantzukizun kontua izateaz gain, borondate kontua ere bada, eta "zoritxarrez, ez patronalak, ez Gobernuak ez dute benetako borondaterik erakusten egoera iraultzeko".

Horregatik, ELAk dei egiten die langileei horretaz jabetzeko eta lan ezbeharren aurrean mobilizatzeko, hiru astetik behin pertsona baten bizitza aurretik eramaten baitute Nafarroan.