Bankuen erreskatea
Rajoy: 'Erreformak egin ezean, Espainia erreskatatu beharko zuketen'
Erredakzioa
Larunbat honetako erabakia hazkunderako plan orokorraren zati bat dela esan du Gobernuko presidenteak, "kredituaren jarioa berreskuratzeko".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak agerraldia egin du Moncloan euroguneko Finantza eta Ekonomia ministroen eta Espainiako Gobernuaren arteko erabakia defendatzeko.
"Zenbat eta Europa gehiago, orduan eta batasun handiago. Larunbatean euroaren etorkizunak irabazi zuen, Europar Batasunak eta Espainiak; laster, inbertsiorako eta enplegua sortzeko kreditua berreskuratzeko aukerak", adierazi du Rajoyk.
Bere hautagaitza aurkeztu zueneko adierazpenak gogoratuz hasi du agerraldia. "Abenduan, nire hautagaitza aurkeztu nuenean, egoera ekonomikoa latza zela esan nuen, eta mirariak egitea ezinezkoa zela . Gainera, epe motzera, emaitzak ez zirela ikusiko nabarmendu nuen. Horregatik, legegintzaldi honetako bi helburu nagusiak zehaztu nituen: hazkundea eta enplegua sortzea".
Hori lortzeko, aurrekontuen oreka eta erakunde guztien kontu publikoen onbideratzea aipatu zuela ekarri du gogora. Egindako erreformekin, besteak beste, erakundeen gastu publikoa kontrolatuz, bazkideen sinesgarritasuna lortu dela nabarmendu du, eta ildo horretan kokatu du atzoko erabakia.
"Azken hilabeteetako erreformak egin ezean, atzo Espainiako Erresuma erreskatatu beharko zuketen", adierazi du.
Horregatik, atzokoa erreskatea den ala ez galdetuta, "ez naiz hitzen eztabaidan sartuko", zehaztu du. "Europak finantza entitateentzako kreditu bat jarriko du gure eskura, besterik gabe, eta ez du beste herrialdeekin zerikusirik", azpimarratu du.
"Atzokoa onbideratzeko eta hazkunderako plan orokorraren zati bat da, kredituaren jarioa berreskuratzeko".
'Nik egin dut presioa'
Bide onean doan pausoa dela esan du Gobernuko presidenteak. "Gobernua argia izan da: aurrekontuak aurkeztu genituenean , jada, ohartarazi genuen urte hau zaila izango zela eta langabezia hazi egingo zela. Hemendik aurrera, hiru bide daude: defizita, erreformak eta kredituaren arazoa konpontzea".
Rajoyk ukatu egin du laguntzak herrialdeko defizitean eragina izatea eta inork presionatu izana. "Guztiz kontrakoa, nik egin dut presioa, arazoa konpontzeko kreditua nahi nuelako", adierazi du.
Gobernuko presidentearen lehen agerraldi publikoa izan da, atzo Euroguneko Ekonomia eta Finantza ministroek Espainiako bankuei 100.000 milioi euroko mailegua ematea erabaki ostean.
Rajoyren Exekutiboak igande arratsalde honetan jakinarazi duenez, Espainiak Europari ordaindu beharko dion interesarekin alderatuta, interesa altuagoa eskatuko die Gobernuak bankuei.
Zaintza zehatza
Eurotaldeak "gertutik" jarraituko du Espainiako defizitaren kontrola, doitze-neurriak jarraituta, betiere. Erreforma estrukturalak abian jartzen dituela ere zainduko du.
Bestalde, Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendariak adierazi duenez, oso pozik dago eurotaldeak eta Espainiak hartutako erabakiarekin.