Itxi

Greba, Bizkako metalgintzan

Ertzaintzak "legearen barruan" jardun zuen metalgintzako grebako piketeekin, dio Erkorekak

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Asteazkenean, Artean, Ertzaintzak esku hartzea egin zuen; sindikatuek salatu dutenez, lau pertsona zauritu ziren, horren ondorioz. CCOOren eta LABen iritziz, larria da Eusko Jaurlaritzak abala ematea langileak "erreprimitzen dituen" Ertzaintzaren esku hartze horri.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuaren esanetan, Ertzaintzak "legeak agindu bezala" jardun zuen asteazkenean, Bizkaiko metalgintzako grebalariek Artean egindako piketearekin. Sindikatuek salatu zutenez, bertan izandako polizia kargaren ondorioz lau pertsona zauritu ziren.

Legebiltzarrean, kontrol saioan, Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide Iñigo Martinezek egindako galderari erantzunez adierazi du hori Erkorekak. Martinezek azalpenak eskatu ditu, Ertzaintzaren esku hartze horregatik, eta langileek pairatutako zaurien argazkiak erakutsi ditu; esan duenez, Ertzaintzak eragin zituen zauri horiek.

Gonbidatuen tribunan, metalgintzako greba deitu duten sindikatuetako ordezkari batzuk zeuden. Ostiralean egin dute asteko bosgarren eta azken greba eguna, hitzarmen kolektiboa geldiarazita dago eta.

Martinezek gogora ekarri duenez, "legeak babestu egiten du" piketea; salatu du Ertzaintzaren erantzuna, langileen jarrera baketsuaren aurrean, "jazarpena, "jazarpena eta errepresioa" izatea.

Asteazkenean, ertzainek esku hartu zutenean, Ertzaintzak adierazi zuen "istilua" izan zela grebalariekin, piketeko kideak identifikatzen saiatu zirenean. Une horretan, Ertzaintzaren arabera, "bertan zeuden ia 300 pertsonak patruilen gainean etorri ziren, irainak bota zituzten, eta ostikadaren bat ere eman zuten".

Sailburuak berretsi duenez, "norbaitek gehiegikeria egiten badu, beste pertsona batzuen eskubideak urratuz, esku hartzen da"; gehitu ere gehitu du "ekintza jakin batzuk" gertatzen direnean, horiei geldiarazi behar zaiela, legearen markoan betiere.

Sailburuaren adierazpenak entzunda, CCOOko Luis Mouliak eta LABeko Zigor Azpioleak, Legebiltzarreko pasilloetan, "larritzat" jo dute Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzaren esku hartze horri abala ematea, langileak "erreprimitu" egiten dituelako.

Bitartekaritza

Osoko bilkuran, halaber, Iker Casanova legebiltzarkideak galdetu dio Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburuari ea Sailak aurreikusita duen bitartekaritza egitea 50.000 bat langileri eragiten dion gatazka hori konpontze aldera.

Mendiak argi utzi du Jaurlaritzak beti lagunduko duela gatazka horiek konpontzen, baina nabarmendu du bi aldeek, alegia, patronalak eta sindikatuek, ez dutela eskatu Sailaren bitartekaritza; hori dela eta negoziazio kolektiboa errespetatzeko deia egin du.

Sailburuaren iritziz, azkenean akordioa izango da, eta aldeei eskatu die ahalik eta lasterren adosteko irtenbidea.

Sindikatu ordezkarien ustez, baina, Mendiaren Saila "albora begira" jarri da; izan ere, Eusko Jaurlaritzaren zeregina da langileak "aldeztea". CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek deitu dute greba, alde batetik, eta ELAk, bestetik; sindikatuek eskatzen dute, besteak beste, soldata handiagoak izatea, langileen erosteko ahalmena bermatzeko.

Bideoak (1)