Itxi

Haustura Korporazioan

Ulmako eta Oronako bazkideek Mondragonetik ateratzea erabaki dute

N. B. ETA J. E. | EITB Media

Leer en Castellano

Ulmako bazkideen % 80k eta Oronako bazkideen % 72k baiezkoa eman diote Mondragon Korporaziotik ateratzeari gaur egindako batzarretan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ulmako eta Oronako bazkideek Mondragon Korporaziotik ateratzea erabaki dute. Ulmako bazkideen % 80k eta Oronako bazkideen % 72k baiezkoa eman dute Mondragon Korporaziotik ateratzeari, ostiralean egindako batzarretan. 

Ulma Taldeko bazkideen erabakia eman dute jakitera, lehenengo. "Ulmako bederatzi kooperatibak osatzen dituzten 2.789 bazkideek, Illunben (Donostia) egindako batzarrean emandako botoen bidez, Mondragon Corporacion Cooperativa, Sociedad Civilekin duten harremana eredu berri batekin ordezkatzeko nahia berretsi dute", Gipuzkoako enpresak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Aldi berean, onartu dute Ulmako Kontseilu Errektoreari jarraibideak ematea, "etorkizunean Mondragonekin lankidetzak sustatzen saia dadin, kooperatiba-mugimendua garatzeko, eta beharrezko arau-garapena bultza dezan, orain arte Mondragon Fundazioak kudeatutako funtsei egindako ekarpenak kooperatiba-mugimendua garatzeko erabiltzen jarraitu ahal izateko".

Lander Diaz de Gereñu, Ulma Taldeko zuzendariaren esanetan, "bazkideek erabakitzen dute, beren botoaren bidez, zer bide jarraitzen duen kooperatibak, eta gaur agindu argia jaso dugu".

"Euskal eredu kooperatiboak erakusten duen arrakasta-ereduaren parte gara. Bere balioak beti defendatu eta babestuko ditugu. Gure ustez, hori egiteko modurik onena Ulma Industria talde kooperatibo indartsu bihurtzea da", adierazi du.

Mondragoni dagokionez, "guztiok ordezkatzen dugun arrakasta-ereduaren onerako diren ekintza guztietan elkarrekin lan egiteko prest" daudela gaineratu du.

Handik gutxira, Oronako bazkideek Hernanin egindako batzarrean hartutako erabakiaren berri eman dute. Guztira, 1089k Korporaziotik irtetearen aldeko botoa eman dute, eta 470ek, aldiz, Mondragonen jarraitzearen alde egin dute.

Oronak 1.746 bazkide kooperatibista ditu, eta ohar batean, zehaztu du batzarrean % 94k hartu dutela parte: "Onartu dute kooperatibaren erabateko subiranotasuna berreskuratzea", esan du Oronak. Oier Lizarazu presidenteak nabarmendu duenez, "Oronaren etorkizuna eta mugimendu asoziatibo kooperatiboari egiteko ekarpena bermatzeko hain garrantzitsua den akordio honetara iristeko, 80 saio informatibo baino gehiago egin ditugu".

Oronako Kontseilu Gidariak, batzarra amaituta, agindua du garatzen jarraitzeko "Orona UE-2030 Egitasmo Bazkide-enpresariala". Horren oinarria da "Hernaniko eta Gasteizko ekoizpen lantegietan eta delegazio guztietan enpleguari eustea eta enplegua sortzea, azpiegituretan eta nazioarte mailako zabalkuntzan inbertsioan sakontzea; izan ere, horrela lortu du Oronak bere sektoreko bosgarren operadorea izatea Europa mailan eta 100 herrialdetan baino gehiagotan egotea", eman du jakitera kooperatibak.

Oronaren eta Ulmaren erabakien ondorioz, Mondragonek industria dibisioan zituen enpresa nagusietako bi galdu ditu; izan ere, enpleguaren % 13 eta salmenten % 15 ekartzen zuten. Bi kooperatibek ostiralean bertan utziko diote Mondragon Korporazioan egoteari, eta euren asmoa da harekin beste harreman mota bat izatea; Korporazioak, ostiralean zabaldutako oharrean, ez du aipamenik egin harreman mota berri horretaz.

Bi enpresa hauek, Mondragonetik irtenda, ez dute inolako beharrik Mondragon Fundazioarekin lotuta; ondorioz, ez dute zertan eman funtsik Kohesioko eta Garapeneko Funtsean. Hori "itsulapiko solidarioa" da; hain zuzen, kooperatibek emaitzetako % 4 ematen dute bertan, eta funts horren asmoa da salbatzea garai zailetan dauden enpresak.

Ulmaren eta Oronaren Mondragonekiko arrakala Fagor Etxetresnak erori zenean has zen zabaltzen. Fagor Etxetresnak Korporazioko ikurra zen, baina porrot egin zuen, eta gainerako kooperatibek egindako ahalegina xahutu zuen. Ordutik hona, Oronaren eta Ulmaren irteera da Korporazioak jasandako kolperik latzena.

Batzar luzeak

Batzarrak luzeak izan dira, eta komunikabideek ezin izan dute horietan sartu. Oronako bazkideak Hernanin bildu dira, eta Ulmakoak, aldiz, Donostian, Illunben. Azken horretako sarreran, kooperatibista gehienek ez dute adierazpenik egin nahi izan; batzuek, baina, zehaztu dute nahiago zutela batzarraren gaineko irizpiderik ez egin. Horietako asko Legazpitik eta Oñatitik joan dira, 50 bat autobusetan.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak, Oronako eta Ulmako bazkideen bozketaren emaitza ezagutu aurretik, azpimarratu du "egun garrantzitsua" dela eta bazkideek hartzen duten erabakia errespetatu behar dela.

Bideoak (1)