Itxi

Haustura Korporazioan

Mondragonek "elkartasuna eta lankidetza" areagotuko ditu, aurrerantzean, Ulmak eta Oronak Korporazioa utzita

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Mondragon Korporazioak berretsi du "erabat" errespetatzen dituela bi kooperatibek hartutako erabakiak; Ulmako bazkideek % 80ko babesa eman diete Mondragonetik irteteko aukerari, eta Oronakoek, aldiz, % 72koa, ostiralean egindako batzarretan.

Mondragon Korporazioak Arrasaten duen egoitza nagusia. Argazkia: EFE.

Mondragon Korporazioak, ostiralean, Oronako eta Ulma Taldeko bazkideek Korporaziotik irteteko erabakia hartuta, adierazi du aurrerantzean "elkartasuna eta elkarren arteko lankidetza" areagotuko dituela.

Ohar bidez, Orona eta Ulma Korporaziotik aterako direla jakinda, Mondragonek berretsi du "erabat" errespetatzen dituela bi kooperatibek hartutako erabakiak. Halaber, opa die bi enpresei "enpresa egitasmoak eta eredu kooperatiboak "modu positiboan egitea aurrera, etorkizunean".

Korporazioak zehaztu duenez, hemendik aurrera "elkartasuna eta elkarren arteko lankidetza" areagotuko ditu; izan ere, nortasun horri esker, bere kooperatibek, "modu guztiz autonomo eta subiranoan, enpresa egitasmoak handitu dituzte, eta taldeko elkartasuna ere izan dute lagun, kontrako koiunturak izan direnean".

Azkenik, "ilusio mezua" eman du, eta, horretarako, bere negozioetako bilakaera ona izan du abiapuntu, bai eta "egun abiatzen ari diren etorkizuneko proiektuak" ere. Korporazioaren iritziz, eredu kooperatiboa "egokiena" da "merkatuen erronkei heltzeko, eta gizarte kohesionatuago eta jasangarriagoak eraikitzeko".