lan gatazka
Bizkaiko egoitzetako langileek Aldundiaren "axolagabekeria" salatu eta greba hasi dute
agentziak | eitb media
ELA sindikatuak zazpi greba egun deitu ditu, eta "gatazka areagotu" egingo dela iragarri du, patronalak eta Aldundiak negoziatu ezean.
Bizkaiko adinekoentzako egoitzetako langileek manifestazioa egin dute larunbat honetan Bilbon, ELAk deituta, "langileen ratioa egoitza publikoekin parekatzea eta baldintza duinak" aldarrikatzeko. Protesta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean amaitu da, "txistualdi handi batekin", Aldundiak zentroetako "egoera larriaren aurrean" azaldutako "axolagabekeriagatik".
ELAk deituta dituen zazpi greba egunetako lehenengoan egin da mobilizazioa. Izan ere, datorren ostiralera arte, abenduaren 23ra arte hain zuzen ere, luzatuko dira lanuzteak. Igande honetarako, langileek auto ilarak dituzte aurreikusita, Bizkaiko eskualde desberdinetan.
Sindikatuak azaldu duenez, langileek Aldundiaren gain ipini dute "kalitatezko zerbitzurik ez bermatzearen" ardura, eta salatu dute "zaintzaren pribatizazioaren alde egin izana" eta "enpresei lan eta arreta baldintzen prekarizazioa baimendu izana".
Gatazkaren areagotzea
Testuinguru horretan, baietsi dute aurreko hitzarmenekoaren gisako greba bat errepikatu behar izatekotan, 377 egun baino gehiago luzatu baitzen, hala egingo dutela. Era berean, azpimarratu dute "emakume izatea eta zaintza lanbide izatea prekarietatearen eta ikusezintasun instituzional zein patronalaren sinonimo" dela.
ELAk "gatazkaren areagotzea" iragarri du, baldin eta patronalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ez badute negoziatzen "konponbide azkar bat lortzeko, GUFEa parekatuz, eta ratioa hobetuz langileak kontratatuz eta ordezkapenak eginez, besteak beste".