Plan estrategikoa
Iberdrolak Euskadiren garapen ekonomikoan eta enpleguan duen konpromisoa helarazi dio Galanek Urkulluri
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Konpainia elektrikoak aurkeztu berri duen plan estrategikoari esker, 10.000 milioi euroko ekarpena egingo dio Euskadiri 2022 eta 2025 bitartean; inbertsioetan, erosketetan, soldatetan eta diru-sarrera fiskaletan, batik bat.
Iberdrolak Euskadiren garapen ekonomikoarekin eta enpleguarekin duen "konpromisoa" helarazi dio konpainia elektriko horretako presidente Ignacio Galanek Iñigo Urkullu lehendakariari. Halaber, adierazi dio asmo duela Euskadiri 10.000 milioi euroko ekarpena egitea 2022 eta 2025 bitartean, aurreko laurtekoan egindakoa % 15 gaindituz.
Gasteizen egin dute bilera Galanek eta Urkulluk, eta hantxe eman dute Iberdrolaren egoera ekonomikoaren berri. Agerraldian Galanek zehaztu du Iberdrolak Euskadiko BPGaren % 2 eman duela aurten.
Bestalde, ohar batean konpainiak adierazi du 2022an Iberdrolak 2.700 milioi euroko ekarpen sozioekonomikoa izan duela Euskadin.
Gainera, Euskadiko 600 hornitzaileri egindako erosketa eta kontratazioekin 1.700 milioi euroko gastua egin du.
Horrekin lotuta, Londresen azaroan aurkeztutako plan estrategikoa aurkeztu dio Galanek Urkulluri, astelehen honetan. Plan horrek jasotzen duenez, 10.000 milioi euroko ekarpena egingo dio Iberdrolak Euskadiri 2022 eta 2025 bitartean; inbertsioetan, erosketetan, soldatetan eta diru-sarrera fiskaletan, batik bat.