Itxi

Elkarrizketa Radio Euskadin

Azpiazuk berretsi du oposizioak ez zuela aurrekontuak adosteko borondaterik

Manu Gimenez | eitb media

Leer en Castellano

Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia sailburuak esan du "Jaurlaritzaren politikekin koherenteak" ziren zuzenketak bakarrik onartu dituztela.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun sailburua. Argazkia: EITB

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun sailburuak berretsi du Eusko Legebiltzarreko oposizioko taldeek ez dutela aurrekontuetan akordioetara iristeko borondaterik izan.

2023ko aurrekontuak onartu eta 48 ordura Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean sailburuak azaldu duenez, "oso gustura" dago onartutakoarekin, urtarrilaren batetik aurrera "sailburuek beharrezko baliabideak izango dituztelako politikak aurrera eramateko".

Azkenean onartu dituzten zuzenketen harira (14.000 milioi eurotik gorako aurrekontutik 39 milioi), esan du "Jaurlaritzaren politikekin koherenteak" zirenak onartu dituztela, eta "akordioetara iristeko borondatearen erakusgarri" izan direla.

Izan ere, bere ustez, oposizioak egindako proposamenak "ez onartzeko" aurkeztu zituzten.

EH Bilduk kritikatu du Nafarroan eta Madrilen aurrekontuak negoziatzeko gai izan direla, baina EAEn ezetz. Horren aurrean, Azpiazuk esan du koalizio independentista "baldintza gutxiagorekin" sartu dela Nafarroako negoziazioetan, "eta han beharrezkoak ziren baldintzak, eta hemen ez".

Egoera ekonomiko orokorrari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenak bete egingo direla eta atzeraldirik ez dela izango espero du. "Esperantzarako eta baikortasunerako adierazleak daude", gaineratu du, Confebaskek ere berriki atzeraldia baztertu duela gogorarazi ondoren.

Albisteak (4)