LAN GATAZKA
Bizkaiko metalgintzaren gatazkan Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza eskatu dute CCOO, LAB eta UGT sindikatuek
EITB MEDIA
Lan eta Enplegu Sailetik dagoeneko esan dute prest daudela bitarketari lanak egiteko, betiere, bi aldeek hori eskatzen badute.
Bizkaiko metalgintzaren gatazkan Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza eskatu dute negozioazio mahaian gehiengoa ordezkatzen duten CCOO, LAB eta UGT sindikatuek. 11 greba egun eta dozenaka mobilizazioren ondoren, hitzarmen berri bat adosteko patronalarekin abiatu zuten negoziazioa blokeatuta dagoela salatu dute langileen ordezkariek, eta horregatik, premiazko ikusten dute Lan eta Enplegu Sailak esku hartzea, konponbidea aurkitzeko.
Sindikatuen eta FVEM patronalaren arteko azken bilera abenduaren 21ean egin zen, eta inolako akordiorik gabe amaitu zen. Hurrengo hitzordu baterako datarik ere ez zen ipini. Agertoki horrekin, blokeo egoera "erabatekoa" dela eta FVEM patronalak negozioazioa "mespretxatzen" duela salatu dute sindikatuek.
Bere aldetik, Lan eta Enplegu Sailetik dagoeneko esan dute prest daudela bitarketari lanak egiteko, betiere, bi aldeek hori eskatzen badute. Iturri horrek jakinarazi duenez, "ez atzera ez aurrera zeuden beste hainbat gatazkatan" ere esku hartu izan dute, egoera bideratuz.
Halaber, Jaurlaritzaren arabera, Idoia Media Lan eta Enplegu sailburuak berak, joan den abenduaren 2an, Eusko Legebiltzarrean bere burua eskaini zuen bitartekari lanak egiteko, EH Bilduk egindako galdera parlamentario bati erantzunez eta metalgintzako ordezkari sindikalak bertan zirela.