Lan-gatazka
Petronorreko langileek 88 orduko lanuzteak egingo dituzte urtarrilean hitzarmena eskatzeko
Agentziak | EITB Media
Gaur hiru orduko lanuztea egin dute. Mobilizazioek urtarrilaren 18an jarraituko dute, bi orduko lanuztearekin eta elkarretaratze batekin. Enpresa-batzordeak salatu du beharginek 2019ko amaieratik daramatela hitzarmenik gabe.
Petronorrek Muskizen (Bizkaia) duen findegiko langileek mobilizazioak hasi dituzte hitzarmena eskatzeko, eta gaur hiru orduko lanuztea egin dute, urtarrilean 88 orduko greba egitea barne hartzen duen mobilizazioen egutegia batzarrean onartu ostean.
Gaurko lanuztean (07:00etatik 10:00etara, enpresa-batzordeak deituta), beharginek lantegiko sarreran elkarretaratzea egin dute, "Hitzarmena lortzeko borrokan" zioen pankartaren atzean.
Mobilizazioek urtarrilaren 18an jarraituko dute, bi orduko lanuztearekin eta Lan Ikuskaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean egingo duten elkarretaratzearekin. Horrela, enpresan egiten diren "milaka aparteko orduen" aurrean, Ikuskaritzaren "onargarritasuna" eta jarrera agerian utzi nahi dute. 2022an, "30.000 ordu estra" egin dira, Joseba Allende UGTko ordezkariak kritikatu duenez.
Enpresa-batzordeak salatu du beharginek 2019ko amaieratik daramatela hitzarmenik gabe.
Orain arte, negoziazio-mahaiak hamabi bilera egin ditu, eta ez dago balizko akordio bat hurbil dagoela pentsatzeko arrazoirik.
Enpresa-batzordeak ohar batean kritikatu duenez, zuzendaritzak "inoizko mozkin-kopururik handiena" lortu du, 305 milioi euro 2022ko lehen bederatzi hilabeteetan, eta langileek, berriz, soldata izoztuta dute.
Beharginen erosteko ahalmenari eutsiko diotela bermatzen duten soldata-igoerak eskatzen dituzten sindikatuen ordezkariek adierazi dutenez. Enpresak, aldiz, bost urterako akordioa proposatzen du, erosteko ahalmena "murriztuz, tauletan KPIa ziurtatzen ez duelako".