gipuzkoa
Renfek bideozaintza jarriko du Andoain, Beasain, Gros, Hernani, Lezo, Ordizia eta Tolosako geltokietan
agentziak | eitb media
Lanak 2023ko lehen hiruhilekoan amaitzea aurreikusten da. Bezeroaren segurtasuna eta esperientzia hobetzea da helburua.
Renfek Gipuzkoako zazpi geltokietan bideozaintza adimenduneko sistemak jartzeko lanak abiatu ditu. Gauzak horrela, Andoain, Beasain, Gros, Hernani-Erdigunea, Lezo-Errenteria, Ordizia eta Tolosako aldiriko geralekuak kamera adimendunez zainduta egongo dira. Obrak 2023ko lehen hiruhilekoan amaitzea espero da.
Sistema horrek modu automatizatu eta anonimoan biltzen eta gordetzen ditu datuak geltoki bakoitzeko CCTV sistemaren bitartez, eta aginte-koadro bakarrean txertatzen ditu. Proiektuaren helburua bezeroaren segurtasuna eta esperientzia hobetzea da, betiere datuak babesteko araudia zorrozki betez.
Renfe konpainiak jadanik 60 geltoki baino gehiagotan jarri ditu bideozaintza adimenduneko sistemak Estatu espainiarrean. Renfe Smart Security Station' (RS3) izeneko proiektuaren barruan kokatzen da egitasmoa, eta aldiriko 483 geltokiren segurtasun-sistemak erabat digitalizatzeko lehen urratsa besterik ez da. Proiektua 2024an amaitzea aurreikusten da.
Denbora horretan zehar, 5.000 segurtasun-kamera analogiko baino gehiago ordeztuko dituzte IP kamerengatik. Modu horretan, CCTV sistemaren bidez jasotako informazioa bideo-analitikako sistema integratu batean partekatzeko aukera egongo da.
Sistemaren onurak
Segurtasun-sistema adimendunari esker, geltokietan gertatzen ari dena ikusi ahalko da denbora errealean. Adibidez, behar izanez gero, une jakin batean jende andana egotekotan geltoki zehatz batean, langile gehiago bidaltzea posible izango da. Era berean, segurtasunarekin lotutako gertakariak atzeman ahalko dira; hala nola, pertsonak edo objektuak trenbidera erortzea, suteak, ekintza bandalikoak edo ordaindu gabe sartzea.