LAN GATAZKA
Bizkaiko metalgintzako sindikatuak eta patronala berriro bilduko dira gaur, Jaurlaritza bitartekari dela
EITB MEDIA
Enplegu Saileko ordezkarien bitartekaritza onartu ondoren, bi aldeek joan den astelehenean egin zuten lehen bilera, ez atzera ez aurrera dagoen lan gatazka bideratu asmoz. Gaurko batzarra 10:00etan hasiko da.
Bizkaiko metalgintzako sindikatuak eta FVEM patronala berriro bilduko dira, gaur goizean, Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzarekin. Hitzarmena berritzeko negoziazioak desblokeatzea eta bi aldeen arteko jarrerak gerturatzea dira batzarraren helburuak. 10:00etan da hitzordua.
CCOO, UGT y LAB sindikatuek eskatu zuten Jaurlaritzaren bitartekaritza, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburua horretarako prest agertu ondotik. Patronalak ere ontzat eman zuen Gasteizko Exekutiboaren esku-hartzea. ELAk, bere aldetik, ez zuen bitarketaritzaren beharra ikusten, baina bileretan parte hartzea erabaki zuen. Joan den astean egin zuten aurreneko bilera, eta bi aldeek euren proposamenak jarri zituzten mahai gainean.
Hitzarmen berria eskatzen duten sindikatuek. Besteak beste, soldatak KPIaren arabera igotzea, lanaldiak murriztea eta azpikontratazioa mugatzea eskatzen dituzte. Patronalaren jarrera "itxia eta zurruna" salatu dute behin eta berriz.
Joan den astean Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusiak ziurtatu zuen "mobilizazioek bakarrik" aldaraziko dutela metalgintzako patronalaren jarrera.
Patronalak, bere aldetik, adierazi du gatazka bideratzeko "borondate osoa" duela eta jarrera irekiarekin joango dela gaurko batzarrera.