Itxi

BIZKAIA

Indarrean dira N-240 eta BI-625 errepideetako bidesariak kamioientzat

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Barazarreko errepidea (N-240) da garestiena, mendikoa baita. Ibilgailu astunek 0,32 eta 8,93 euro ordaindu beharko dituzte bertatik igarotzeko.

Kamioiak errepidean. Artxiboko argazkia: EFE

Bizkaian N-240 eta BI-625 errepideak erabiltzen dituzten ibilgailu astunek bidesaria ordaintzeari ekin diote gaur, urtarrilak 25. Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu duenez, bidesariak ezartzearen helburua da errepide sarearen baldintzak bermatzea eta ibilgailu astunen trafikoa bide horietan murriztea (izan ere, egunero milaka kamioik erabiltzen dituzte bi errepideok).

Foru Aldundia 2023ko urtarrilaren 1ean hasi behar zen kobratzen, baina aste batzuz atzeratzea erabaki zuen garraiolariak sistema berrira ohitu zitezen. 

N-240 errepidean (Barazar) bederatzi free flow arku jarri dituzte martxan El Gallo eta Ubidea artean, eta 0,32 eurotik 8,93rainoko prezioan. Errepide hori da garestiena, mendate baita.

BI-625ean, berriz, 8 free flow arku jarriko dituzte Laudiotik Basaurira, 0,23 eurotik 1,13rainoko prezioa izango dutenak.

Europako Batzordeak ezarritako gehieneko prezioa baino gutxiago ordainduko dute, eta deskontuak izango dituzte asko erabiltzen dituztenek eta ibilgailu eraginkorrak dituztenek.

Bizkaiko Foru Aldundiak egindako kalkuluen arabera, deskontuei esker 5,6 milioi euroko aurreztuko ditu urtero garraiolarien sektoreak. Dagoeneko 633 enpresa eta partikularren eskaera onartu dituzte eta beste ehun eskaera inguru izapidetzen ari dira.

Kamioilariak kexu agertu dira, deskontuak gorabehera, errepide horiek erabiltzeak gainkostua eragingo dielako.

Ibilgailu arinen gidarien zalantzak

Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, zalantzaren bat sortu da N-240 eta BI-625 errepideak erabiltzen ari diren eta autoan VIA-T duten ibilgailu arinen gidarien artean. Dirudienez, VIA-Tak kobratzeko arkuetatik igarotzean sistemak ohiko doinua egiten du, baina Foru Erakundetik esan dutenez, "ez da kobratzen ari, eta ez zaie kobratuko". Azaldu dutenez, "sistemak VIA-T guztiak antzematen ditu, baina kamioiei bakarrik kobratzen zaie".