Itxi

pentsioak

Zeintzuk dira batez besteko pentsioak eta erretiro adina Europan?

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Europako pentsioen erreformek erretiro adina eta lan egindako urteak handitu dituzte. Herrialde horietako batzuen egungo egoera ezagutuko dugu, bakoitzeko zifra horien batez bestekoaren arabera.

Batez besteko pentsioaren eta erretiro adinaren mapa, herrialdeka. Argazkia: EITB Media

Erretiro adina igotzea edo pentsioa eskuratzeko eskatzen den kotizatutako urte kopurua handitzea dira Europako herrialdeak egiten ari diren pentsio erreformen neurri nagusiak, eta, Frantzian bezala, ongizate sistemaren zutabe horren iraunkortasuna bilatzen dute.

Europako herrialde gehienek pentsio sistema aldatu dute edo erretiro adina handituz hala egiteko asmoa dute, baina aldeak daude, adibidez, Alemaniako 67 eta Frantziako 64 urteen artean.

Batez besteko pentsioari dagokionez ere, aldeak daude herrialdeka: Portugalen 487 eurokoa da hilean, Frantzian 1509 eurokoa, Grezian 833 eurokoa, Alemanian 1079 eurokoa, Italian 1285 eurokoa eta Espainian ia 1300 eurokoa.

Europako pentsioen batez besteko gastua BPGren % 13,6 izan zen 2020an, Eurostaten datuen arabera, baina Grezian (% 17,8), Italian (% 17,6), Portugalen (% 15), Frantzian (% 15,9), Austrian (% 15,3), Finlandian (% 13,9) eta Espainian (% 14,5) batez bestekoaren gainetik kokatu zen.

Sindikatuek azaldu dutenez, datu horietan kontuan izan behar da 2020an, pandemiarekin, BPG nominala jaitsi egin zela, eta horrek pentsioetako gastuaren pisu proportzionala handitzen duela.

Hauek dira Europako hainbat herrialdek egin dituzten edo egiten ari diren pentsio erreformen mugarri nagusiak:

- Frantzia:

Frantziako Gobernuak erreforma plan bat aurkeztu berri du, eta erretiroaren gutxieneko adina pixkanaka igotzea aurreikusten du, gaur egungo 62 urtetik 2030eko 64 urtera. Ezkerra eta ultraeskuina ditu aurka, baita egunotan mobilizatzen ari diren sindikatuak ere.

- Espainia:

2021ean, pentsio sistemaren erreforma bat onartu zuen Espainiak. Erreforma horrekin, inflazioarekin lotu zuen bere balioa handitzea, eta erretiroa hartzeko adin errealaren atzerapena sustatu zuen, aurretiko erretiroei zigor handiagoak ezarriz eta lan merkatuan jarraitzen dutenei pizgarri hobeak emanez, legezkoaz haratago.

- Alemania:

Alemania erretiro adina pixkanaka atzeratzeko prozesuan dago, 2031n 67 urtera irits dadin 35 urte kotizatuta.

- Italia:

Orain sartutako aldaketarekin, Exekutiboak "103. kuota" aplikatuko du, 62 urterekin lanetik erretiratzeko aukera emango duena, baina 41 urte kotizatuta; datorren urtean pentsio sistemaren erreforma integrala hasteko zain.

- Portugal:

Portugal oraindik ez dago pentsio sistemaren erreforman murgilduta. Erretiro adina aldatuz doa bizi itxaropenaren bilakaeraren arabera, eta 66 urte eta lau hilabetekoa da 2023rako eta 2024rako, penalizaziorik gabe, kotizatutako urteak gorabehera.

- Grezia:

Grezian pentsio osoa jasotzeko adina 62 urtekoa da 40 urteko ekarpenarekin, edo 67 urtekoa 15 urterekin.