Itxi

HAZKUNDE AURREIKUSPENA

Munduko ekonomia % 2,9 haziko da aurten eta % 3,1 datorren urtean, Nazioarteko Diru Funtsaren arabera

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) munduko ekonomiaren hazkunde aurreikuspenak berrikusi ditu. Inflazioari dagokionez, beheranzko joera iragarri du: % 8,8 iaz, % 6,6 aurten eta % 4,3 datorren urtean.

Jendea paseatzen Londresen. Artxivoko argazkia: EFE

Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) bi hamarren hobeto du munduko ekonomiaren aurtengo hazkunde aurreikuspena (% 2,9) eta hamarren bat jaitsi du hurrengo urtekoa (% 3,1). Dena dela, erakundeak ohartarazi du aurreikusitako hazkundea batez besteko historikoaren (% 3,8) azpitik geldituko dela.

"Inflazioari aurre egiteko banku zentralek interes tasak igotzeko hartutako erabakiak eta Errusiak Ukraina inbaditu izanak jarduera ekonomikoaren bilakaera zailtzen dute", azaldu du nazioarteko erakundeak. Dena dela, Txinak berriro ateak zabaldu izana albiste ona dela onartu du. Edozein kasutan, Nazioarteko Diru Funtsak ez du aurreikusten munduko ekonomia atzeraldian sartuko dela.

Txinak mugak zabaldu ostean, bere ekonomia % 5,2 haziko da aurten, aurrez iragarritakoa baino zortzi hamarren gehiago. Euroguneak hazkunde apala izango du aurten (% 0,7) eta datorren urtean gehiago haziko da (% 1,6 ). Ameriketako Estatu Batuek ere hazten jarraituko dute: % 1,4 aurten eta % 1 heldu den urtean. Ukraina inbaditu arren aurreikuspen ekonomiko txarrei aurre egin die Errusiak: % 0,3 haziko da aurten eta % 2,1, ostera, datorren urtean.

Brexita gauzatu eta hiru urtera, Erresuma Batua da munduko ekonomia handien artean atzeraldian sartu den bakarra eta % 0,6 egingo du atzera aurten.

Prezioen bilakaerari dagokionez, munduko inflazioak beheranzko joerarekin jarraituko du: iazko % 8,8tik % 6,6ra jaitsiko da aurten eta % 4,3ra datorren urtean. Hala ere, ez da pandemia aurreko batez bestekora itzuliko oraindik, orduan % 3,5 ingurukoa baitzen.

Inflazioa jaisteko prozesua denboran luzatuko dela ohartarazi du NDFk. Hala ere, inflazioa pandemia aurretik baino altuagoa izango da ekonomia ia denetan (% 82-86).