Itxi

LANGABEZIA

Urtarrilean 2.495 langabe gehiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian

O. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoan iazko urtarrilean baino 3.039 langabe gutxiago daude. Nafarroan ia 400 langabe gehiago zenbatu dituzte, baina datuak neurtzen hasi zirenetik urtarrilean inoiz izan den igoera txikiena da.

Langabe kopurua Euskadin eta Nafarroan

Abenduan baino 2.107 langabe gehiago (% 1,9) zenbatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan urtarrilean, eta guztira 112.905 langabe daude Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan izena emanda.

Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoan iazko urtarrilean baino 3.039 langabe gutxiago daude, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak gaur zabaldutako datuen arabera.

Espainiako Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioak gaur jakinarazi duenez, Nafarroan aurreko hilabetean baino 388 langabe gehiago daude (% 1,23), eta guztira 31.998 pertsona daude lanik gabe, iazko hilabete berean baino 819 (% 2,50) gutxiago.

Nafarroan 400 langabe gehiago zenbatu dituzte urtarrilean, baina datuak neurtzen hasi zirenetik urtarrilean inoiz izan den igoera txikiena da.

Espainiako Estatuan, guztira, 70.744 langabe gehiago daude, abenduan baino % 2,49 gehiago, Gabonetako kanpaina amaitu ondoren. Iazko urtarrilean (17.173 langabe) baino lau aldiz gehiago daude, baina 2021eko (76.216), 2020ko (90.248) eta 2019ko (83.464) datuetatik eta urtarrileko batez besteko historikoaren azpitik (81.424).

Kontratazioa

Kontratazioari dagokionez, 56.072 kontratu berri sinatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan, horietatik 15.000 mugagabeak. Urte arteko balantzeari begiratuta, lan erreforma indarrean sartu zenetik kontratazioak egonkortu egin dira eta, beraz, bolumen globala murriztu egin da. Dena dela, 2022ko hilabete berean baino % 73,13 gehiago dira.

Nafarroako datuei dagokienez, urtarrilean 23.597 kontratu berri sinatu dira, abenduan baino % 6 gehiago, baina iazko hilabete berean baino % 20,8 gutxiago. Kontratu mugagabeak 5.743 izan dira (% 24,3), iazko urtarrilean baino % 107,8 gehiago.

Afiliazioa

Gizarte Segurantzan afiliatutako pertsonen kopurua % 0,98 (9.762 afiliatu) jaitsi da abendutik urtarrilera Euskal Autonomia Erkidegoan, Espainiako Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioak argitaratutako datuen arabera. Guztira, 984.315 pertsonak kotizatzen dute Gizarte Segurantzan, iazko urtarrilean baino 10.729 gehiago (% 1,1).

Nafarroan, abendutik urtarrilera 2.476 afiliatu (% 0,83) galdu ditu Gizarte Segurantzak. Dena dela, 2022ko urtarriletik 2023ko urtarrilera, afiliatu kopurua % 1,47 igo da (4.306 afiliatu).

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren balorazioa

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Saileko buruak azpimarratu duenez, urtarrilean ohikoa den igoera da. Horren esanetan, datuek erakusten dute enplegua "normalizazio bidean" dagoela eta lan erreforma "oso eragin positiboa" izaten ari dela.

Eusko Legebiltzarraren kanpoaldean egindako adierazpenetan, Idoia Mendiak nabarmendu du Enplegu eta Gizarte Segurantzako afiliazio datuak pandemia aurreko kopuruetara itzuli direla. Gaineratu duenez, horri gehitu behar zaio "kontratu mugagabeak finkatzeak" izan duen eragina, bereziki gazteen eta emakumeen artean.

Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariak prentsaurrekoan adierazi duenez, "urtarrilean beti egiten du gora langabeziak Nafarroan". Ildo horretan, azpimarratu du 2006tik urtarrilean izandako igoera txikiena dela.

Langabeziak gora eta afiliazioak behera egin dutenez, "balorazioak negatiboa izan behar du", azaldu du. Hala ere, sasoikako enpleguak urte sasoi honetan duen eragina kontuan hartuta eta egungo egoera ekonomikoa aintzat hartuta, Maeztuk esan du "lan merkatua nahiko egonkor" dagoela; izan ere, enplegua 2019koa baino handiagoa da, eta langabezia, ostera, ordukoa baino txikiagoa.