LGS
Asteartean igoko dutela gutxieneko soldata iragarri du Sanchezek
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiako Gobernuko presidenteak "ardura" eskatu dio patronalari: "Ezin zaie behekoei soldatetan esfortzua egitea eskatu, goikoak bapo dabiltzan bitartean", esan du.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri duenez, asteartean onartuko du Ministroen Kontseiluak lanbide arteko gutxieneko soldata 1.080 eurora igotzea, eta "koherentzia" eta "ardura" eskatu dizkio patronalari.
"Ezin zaie behekoei soldatetan esfortzua egitea eskatu, goikoak bapo dabiltzan bitartean", azpimarratu du Sanchezek Malagan, Juan Espadas PSOEren Andaluziako idazkari nagusiarekin eta Dani Perez Malagako alkategai sozialistarekin batera egindako ekitaldi batean.
1.500 pertsonaren aurrean egindako hitzaldian, Sanchezek esan du ezin direla bi errealitate paralelo izan, bat herritar arruntentzat eta bestea elitearentzat, eta ohartarazi du ez dela "inbutuaren legerik egongo, gehiengoarentzat oso zabala eta gutxiengoarentzat oso estua".