LAN GATAZKA
Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek astebeteko greba egingo dute, LAB, UGT, CCOO eta ESK-k deituta
EITB MEDIA
Astebeteko lanuztea otsailaren 27an hasi eta martxoaren 5ean amaituko da. Langileek bost urte daramatzate lan hitzarmenik gabe, eta Osakidetzako langileei ezartzen zaizkien baldintzak aplikatzea eskatzen dute.
Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek astebeteko greba egingo dute otsailaren 27tik martxoaren 5era bitartean, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deituta. Langileek bost urte daramatzate lan hitzarmenik gabe, eta Osakidetzako langileei ezartzen zaizkien baldintzak aplikatzea eskatzen dute.
Gaur goizean Bilbon eskaini duten prentsaurrekoan azaldu dutenez, inplikatutako hiru aldeek (enpresak, langileak eta Osakidetza) onartu zuten lan baldintza berberak aplikatzea, baina hamaika bilera egin ondoren, "hasieran bezalaxe gaude".
Sindikatuen esanetan, 2018an abiatu zituzten lan hitzarmen berriaren negoziazioak, "erraza" izango zela sinetsita, "gai jakin batzuk Osakidetzaren barruan lortu diren akordio berrietara egokitu eta eguneratu behar izatea" eskatzen baitzuten.
"Hamaika bilera egin ondoren, negoziazioaren erabateko blokeoa agerikoa da. Ikusten ari gara enpresek eta bezeroak (Osakidetza) ez dutela homologazio printzipioa betetzen, uko egin baitiote Osakidetzako langileei aplikatutako gaiak egokitzeari eta aplikatzeari", gaineratu dute.
Greba deitu duten sindikatuen arabera, ez dute homologaziotik harago joatea eskatzen, baldintza berdinak aplikatzea baizik: garapen profesionalaren deialdi ezberdinetara sarbidea izatea, lanpostu hutsak betetzeko sistema bidezkoagoa izatea, txanda kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko eskubidea izatea eta Osakidetzako langileek aitortuta dituzten baimenak eta lizentziak izatea.
Enpresak "jarrera erosoan" kokatu direla eta erantzukizuna Osakidetzako zuzendaritzari egotzi diotela salatu dute sindikatuek. "Ez dute sindikatuekin ezer ere adostu nahi, Osakidetzaren zuzendaritzaren aldez aurreko oniritziarekin ez bada", gehitu dute.