Ezohiko zerga
Bankuek eta enpresa elektrikoek azken eguna dute gaur Espainiako Gobernuaren zergaren lehen zatia ordaintzeko
EITB MEDIA
Hala ere, bankuek zein enpresek ordainduko duten zenbatekoa itzultzea bilatuko dute. Horretarako, administrazioarekiko auzi-errekurtsoak jarriko dituzte.
Gaur, otsailak 20, amaitzen da Espainiako Gobernuak bankuei eta konpainia elektrikoei ezohiko zerga ordaintzeko hasieran emandako epea. Enpresa gehienek epea agortzea erabaki dute, eta gaur bertan likidatuko dute zergaren % 50, nahiz eta neurriarekin ados ez egon. Gainerako % 50a irailean ordaindu beharko dute.
Hala ere, bankuek zein enpresek ordainduko duten zenbatekoa itzultzea bilatuko dute. Horrela, hamaika bankuk eta bi banku-elkarte nagusiek, AEBk eta CECAk, administrazioarekiko auzi-errekurtso bana jarri dute Auzitegi Nazionalean, zergaren aurka egiteko.
Irudia: EITB
Bankuek dagoeneko idatzita daukate zerga berriaren aurkako helegite bat, eta ordaindu eta ordu batzuetara soilik aurkeztuko dute epaitegietan, konstituziokontrakotasuna, zergapetze bikoitza eta dagokien araudiarekiko bateraezintasuna argudiatuz.
Zerga arautzen duen legeak aurreikusten du 2019an interes-marjinaren eta komisio garbien artean 800 milioi baino gehiago lortzen dituzten entitateek % 4,8 ordaindu beharko dutela bi kontzeptuen artean 2022an eta 2023an.
Baldintza hori betetzen duten bankuak hauek dira: BBVA, Santander, CaixaBank, Bankinter, Sabadell, Unicaja, Abanca, Kutxabank, Ibercaja, Cajamar eta BNP Paribas. Kanpoan geratzen dira kutxa txikiak eta atzerriko banku batzuk.