Lan eskaintza publikoa
Zabaldu da Osakidetzaren azken lan-eskaintzan izena emateko epea
AGENTZIAK | EITB MEDIA
7.639 lanpostu eskaintzen dira. Martxoaren 20ra arte egongo da zabalik izen-ematea, eta Osakidetzaren webgunean bertan eman beharko dute izena horretarako asmoa dutenek. Lehenengo azterketak udatik aurrera egingo dituzte.
Gaur, asteartea, zabaldu da Osakidetzaren lan eskaintza publikoan izena emateko epea. 2020an, 2021ean eta 2022an EHAAn argitaratu eta hutsik geratu ziren postuak ez ezik, Egonkortzeko LEParen plazak ere eskainiko dituzte; guztira, 7.639 —Euskal Osasun Sisteman inoiz izan den lanpostu kopuru handiena—.
Martxoaren 20ra arte egongo da zabalik inskripzioa, eta Osakidetzaren webgunean bertan eman beharko dute izena horretarako asmoa dutenek. Lehenengo azterketak udatik aurrera egingo dituzte.
Lanpostu horietako 6.082 lehiaketa bidezkoak izango dira, hau da, azterketan izandako emaitzak eta merezimendu profesionalak —esperientzia, formakuntza eta hizkuntzak— hartuko dituzte kontuan.
Gainerako 1.557 postuak soilik merituak baloratuta beteko dira, alegia, azterketarik egin gabe.
Osakidetzak bere webgunearen bidez argituko ditu izena eman nahi dutenen zalantzak. Gainera, inskripzioa internet bidez egiteko aukera ez dutenek Donostiako eta Basurtuko (Bilbo) ospitaleetara edo Osakidetzaren zerbitzu zentraletara (Gasteiz) jo dezakete.