Itxi

Mugikortasuna

Garraioetako Estatu idazkariak eta Renfeko presidenteak kargua utzi dute, trenen polemikaren ostean

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Kantabriarako eta Asturiaserako zabalera metrikoko tren berriek sortutako polemikaren ostean iritsi da iragarpena.

Renferen tren bat. Artxiboko argazkia: EITB Media

Isabel Pardo de Vera Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Estatu idazkariak eta Isaias Taboas Renfeko presidenteak dimisioa eman dute Kantabriarako eta Asturiaserako zabalera metrikoko tren berrien polemikaren ostean, Ministerioko iturriek EFE albiste agentziari astelehen honetan baieztatu diotenez.

Raquel Sanchez Espainiako Gobernuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda ministroa Adrian Barbon eta Miguel Angel Revilla Asturiasko eta Kantabriako presidenteekin bildu baino lehen iragarri dute ordezkapena, kontratatutako trenen neurrietan egindako akatsak nola gertatu diren azaltzeko. Izan ere, bi urteko atzerapena eragingo dute.

Otsailaren hasieran jakin zen Renfek CAFi 2020an esleitutako zabalera metrikoko 31 trenen fabrikazioa atzeratu egingo zela, diseinuan arazo bat zegoelako. Asturiasen, Kantabrian, Euskadin, Galizian, Gaztela eta Leonen eta Murtzian aldiriko eta distantzia ertaineko zerbitzuak ematen zituen flota berritzea zuten helburu.

Renfek 2020an kontratatu zituen tren horiek, zabalera metrikoko sareko tuneletarako (lehengo Feve) neurri okerrekin, eta, behin arazoa detektatuta, konponbideak bilatzen hasi ziren, galibo estandarrak aplikatzea baztertuz; izan ere, gaur egungoak baino neurri txikiagoko trenak eraikiko ziren, eta, beraz, txikiegiak lirateke bilatzen ziren zerbitzuetarako.

Azkenik, "konparazio metodo" deritzona hautatu zuten, Europako EN 15273 arauan jasoa, gaur egun zabalera metrikoko lineetatik dabilen tren bat erreferentzia gisa erabiltzean datzana.