Itxi

Bozketa

Kongresuak EAEko Kontzertu Ekonomikoa, bosturtekorako Kupoa eta Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoa onartu ditu

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Hiru lege proiektuak goi ganberan onartu ziren atzo, eta gaur bide berean joan da bozketa Kongresuan, gehiengoak babestu baitu. Voxek eta Ciudadanosek aurka bozkatu badute ere eta osoko zuzenketa bana aurkeztu, Ganberako gainerako kideek atzera bota dituzte.

Kongresuak EAEko Kontzertu Ekonomikoa, bosturtekorako Kupoa eta Nafarroako hitzarmena onartu ditu

Gaurko honetan, Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoari, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontzertu Ekonomikoari eta datorren bosturterako Kupoari argi berdea eman dio Kongresuak. Atzo goi ganberan egin moduan, erabateko babesa jaso dute.

Vox eta Ciudadanos izan dira hiru lege-proiektu horien aurka bozkatu duten bakarrak, eta osoko zuzenketak aurkeztu badituzte ere, Ganberako gainerako alderdiek ez dituzte onartu. Eztabaida luze batean, bi talde parlamentario horiek sistema kritikatu dute, eta "pribilegio", "bidegabekeria", "iruzur", "xantaia" edo "txantxa" bezalako hitz eta esamoldeak erabii dituzte.

Maria Jesus Montero Ogasun ministroak babesa eman die EAEko Kontzertuari eta Nafarroako Hitzarmenari "Espainiaren aniztasunaren" adierazpen gisa. Pilar Garrido Unidas Podemoseko Gipuzkoako diputatuak berretsi du "ezin dela konstituzionalista nahi denean izan", eta Idoia Sagastizabal EAJko bozeramaileak ereduaren "zilegitasuna eta baliozkotasuna" nabarmendu ditu.

EH Bilduko Mertxe Aizpuruak akordioa babestu du, baina egungo Kupoaren arabera herritarrek milioika gehiago ematen dituztela esan du eta UPNko diputatu ohi Carlos Garcia Adanerok, berriz, akordioaren legezkotasuna eta konstituzionaltasuna defendatu ditu. Azkenik, Compromiseko Joan Baldovik, abstenitu egin denak, egungo sistema "bidegabea, arbitrarioa eta gehiegizkoa" ordezkatuko duen finantziazio eredu berri bat eskatu du.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak adierazi duenez, "gaurko bozketa oso garrantzitsua da EAEko herritar guztientzat". Gainera, alderdi batzuek gai honi buruz egin duten erabilera kritikatu du.