Balantzea
Kutxabankek 330,5 milioi euroko etekin garbia izan du 2022an, ia % 53 gehiago
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Anton Arriola Kutxabankeko presidenteak eta Javier Garcia Lurueña kontseilari ordezkariak taldeko balantzea aurkeztu dute, eta 2022ko gertaerei aurre egiteko Kutxabankek erakutsitako gaitasuna azpimarratu dute.
Kutxabank Taldeak 330,5 milioi euroko etekin garbia izan du 2022, 2021ean baino % 52,7 gehiago. Ogasunari egindako ekarpena, berriz, 430 milioi euro baino gehiagokoa izan da, eta horri gehitu diote 2023an banketxeek ordaindu beharreko zerga berria. 2019an, pandemia aurretik, izandako etekin kopuruarekin alderatuta, 21,6 milioi euro gutxiago dira.
Banketxeak jakinarazi duenez, "EAEko ekonomia eta gizartea hobetzeko konpromisoari eutsita", 322,7 milioi euro jaso dute banketxe akziodunen fundazioek (BBK, Kutxa eta Vital). Gainera, irabazien % 60 (198,3 milioi euro) akziodunen artean banatzea adostu du Kutxabankeko Administrazio Kontseiluak.
Anton Arriola Kutxabankeko presidenteak eta Javier Garcia Lurueña kontseilari ordezkariak taldeko balantzea aurkeztu dute larunbat honetan Donostiako Kursaal Jauregian izandako urteko bileran. Banketxe akziodunen fundazioetako presidenteak eta Kutxabankeko eta Cajasurreko Administrazio Kontseiluetako kideak ere bertan izan dira.
2022ko gertaerei aurre egiteko Kutxabankek erakutsitako gaitasuna azpimarratu du Arriolak. Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerrak "erabat aldatu zituen aurreikuspen ekonomikoak, eta inflazio altuak baldintzatu, eta horrek familiak eta enpresak tenkatu ditu, hazkunde ekonomikoaren moteltzea eraginda".