2022KO EKITALDIKO EMAITZAK
Tubos Reunidosek 43,5 milioi irabazi ditu 2022an, 2021ean 64,7 milioiko galerak izan ondotik
EITB MEDIA
Taldeak 2008tik izan duen emaitzarik onena da. Horrela, konpainiaren susperraldia eta Plan Estrategikoaren betetzea berretsi dira.
Tubos Reunidos enpresak 43,5 milioi euroko mozkin garbiarekin itxi du 2022ko ekitaldia, 2021ean 64,7 milioiko galerak izan ondotik. Taldeak 2008tik izan duen emaitzarik onena da hori. Horrela, konpainiaren susperraldia eta Plan Estrategikoaren betetzea berretsi dira.
Francisco Irazusta presidentearen hitzetan, "43,5 milioi euroko emaitza garbi positibo hori oso mugarri garrantzitsua da enpresarentzat", eta horrek "plan estrategikoan aurreikusitako inbertsioei eta hartzekodunekiko konpromiso guztiei aurre egitea ahalbidetzen du".
Zuzendariak azaldu duenez, 2022ko ekitaldiaren ezaugarri nagusia eskarien eta kostuen aldakortasuna izan dira. Hala, Irazustak uste du 2023. urteak "ildo beretik" jarraituko duela, ezberdintasun batekin: "2023. urtea 303 milioi euroko eskaera-zorroarekin hasiko dugu, iazko hasieran baino % 71 gehiagorekin, alegia, eta horri esker, nahiko baikorrak izango gara".
Taldearen EBITDA 64 milioi eurokoa izan da, 2021ean lortutakoa baino 115 milioi euro handiagoa. Taldeak 18 milioi euroko kutxa garbiko fluxua sortu du, ekitaldia kutxan 95 milioi eurorekin itxita eta zor garbia murriztuta.
303 milioiko zorroa
2022ko datuekin, Tubos Reunidosek 303 milioi euroko eskaera-zorroa du gaur-gaurkoz, iazko urte hasieran baino % 71 handiagoa, eta marka guztiak hautsi ditu.