Itxi

LANA

Eusko Jaurlaritzak enpresekin entsegua egitea proposatu du, 4 eguneko lan-astea ezartzeko

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Idoia Mendiak iragarri duenez, Elkarrizketa Sozialerako Mahaiari lantalde bat sortzea proposatuko dio, astean lau lanegun soldata murriztu gabe eta ordu gehikuntzarik gabe abian jartzea ebaluatzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendiak Eusko Legebiltzarrean iragarri duenez, Elkarrizketa Sozialerako Mahaiari proposatuko dio lan-berrikuntzako lantalde bat sortzea. Lantalde horretan, alde batetik, lau eguneko lan-astea abiaraztea aztertuko da, soldata murriztu gabe eta orduak gehitu gabe, eta, bestetik, telelana eta kontziliazioa "esploratzea".

Jaurlaritzaren kontrolerako osoko bilkuran, sailburuak Ekain Rico PSE-EEko legebiltzarkideak egindako galdera bati erantzun dio. Galdera hori WORKinLan Summiten aurkeztu berri den Enpleguaren Liburu Zurian jasotzen den "politika berritzaileetan arriskatzeko" erakunde eta eragile sozial eta ekonomiko guztiei egindako deiari buruzkoa izan da.

Idoia Mendiak gogorarazi du hurrengo Enplegu Legeak, lehen aldiz, enplegua lortzeko edo hobetzeko prestakuntzarako eta orientaziorako eskubide subjektiboa jasoko duela, "aukera berrien aurrean berdintasuna bermatzeko".

Gainera, jakinarazi du Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren hurrengo bileran (martxoan) proposatuko duela lan-harremanetarako berrikuntza-talde bat sortzea, Euskadiren berezko eskumenetatik gutxieneko soldataren igoerak eta lan-erreformak ekarri dituzten hobekuntzak osatzeko.

Horrela, honako hau planteatuko du: "lau eguneko lan-astea entseatzea, soldata murriztu gabe eta orduak gehitu gabe, produktibitatean eta kontziliazioan izango dituen ondorioak aztertuz".

Era berean, "lantokian kodeterminazioa entseatzea" proposatuko du, "eraldaketa teknologiko sakona dagoen une honetan, langileei paper gehiago emanez", baita "telelana eta kontziliazioa aztertzea" ere.

"Eskaintzen duen malgutasuna oso erakargarria da, baina eskubideetarako dituen arriskuak ere aztertu behar ditugu. Enpresak eta langileak onuradun izatea nahi dugu", adierazi du.

Bideoak (2)