Inflazioa
Frantziako "inflazioaren aurkako saskiaren" ezaugarri nagusiak
EITB Media
Konpainia bakoitzak autonomia izango du bere zerrenda osatu eta prezioak finkatzeko. Produktuek etiketa bera izango dute, Frantziako banderaren koloreekin eta "inflazioaren aurkako hiruhilekoa" testuarekin.
Frantziako Gobernuak akordioa adostu du Frantziako Estatuko banatzaile-kate nagusiekin, "inflazioaren aurkako saskia" sortzeko.
Horrela, Eliseok enpresa horien eskaerei jaramon egin die, oinarrizko produktuen saskiari prezio finkoa jartzea errefusatzen baitzuten, eta, horren truke, konpainiek marjinak murriztea onartu dute. Helburua elikagaien prezioaren gorakadari aurre egitea da, otsailean % 14,5ekoa izan baitzen Frantzian. Hauek dira "inflazioaren aurkako saskiaren" ezaugarriak:
- Konpainia bakoitzak autonomia izango du bere zerrenda osatu eta prezioak finkatzeko.
- Produktuek etiketa bera izango dute, Frantziako banderaren koloreekin eta "inflazioaren aurkako hiruhilekoa" testuarekin.
- Carrefourrek 200 produktuko saski bat merkaturatuko du martxoaren 15etik aurrera, prezio izoztuak eta bi eurotik beherako produktuak eskainita, Carrefour eta Simply marketako produktu osasungarri eta freskoekin.
- Intermarchek ia 500 produktu bilduko ditu bere saskian: produktu freskoak, esnekiak, arraina, frutak eta barazkiak.
Beste aukera batzuei dagokienez, Bruno Le Maire Ekonomia ministroak uko egin dio BEZa jaisteari, neurri "ez-eraginkorra eta garestia" dela iritzita.
Prezioak ezartzeari dagokionez, Le Mairek esan du Frantzia "merkataritza askatasunean sinesten duen herria" dela, eta, beraz, Estatuari ez dagokiola zentzu horretan esku hartzea.
Gainera, Ekonomia ministroak ohartarazi du industriako ekoizleei eskatuko diela prezioei buruzko negoziazioa ekainean berriro irekitzeko banatzaileekin, "inflazioaren aurkako hiruhilekoa" amaitzeko aurreikusitako data hori baita, 2024ko hasierara arte itxaron beharrean.