Itxi

KATALUNIA

Hiru pertsona hil dira Bartzelonako potasa meategi batean izandako luizian

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Lur jausia Iberpotash enpresak Sarria udalerrian ustiatzen duen meategian gertatu da, 900 metroko sakoneran.

Esquadra Mossoak istripua gertatu den Suria udalerriko meateagiaren kanpoaldean. Argazkia: EFE

Hiru pertsona hil dira Suriako (Bartzelona) potasa meategi batean gaur goizean izandako luizian, Generalitateko suhiltzaileek ACN albiste agentziari baieztatu diotenez. Hildako hiru lagunetatik bi masterreko ikasleak ziren Manresako Ingeniaritzako Goi Eskola Politeknikoan.

Lur jausia Iberpotash enpresak ustiatzen duen meategian gertatu da, 900 metroko sakoneran. Iberpotash enpresa Israelgo ICL multinazionalarena da,

Suhiltzaileek 08:53an jaso dute abisua. Generalitateko suhiltzaileek aurreikusten dute "bi eta sei ordu artean" beharko dituztela gorpuak ateratzeko, izan ere, aurretik ingurua eskoratu eta erruna erretiratu beharko dute.

Aipatutako iturrien arabera, luiziak ez du beste langilerik zauritu edo harrapatu.

Istripuaren tokian lanean ari dira suhiltzaileak eta larrialdi zerbitzuak, meategiko larrialdi zerbitzuekin batera. Halaber, Esquadra Mossoak eta SEM Kataluniako emergentzia zerbitzuak ere bertaratu dira.

Roger Torrent Enpresa kontseilariak istripuaren tokian bertan eskaini duen prentsaurrekoan azaldu duenez, Generalitateak meategien "aldizkako kontrol zehatzak" egiten ditu. Hain zuzen ere, duela hiru aste gaur istripua gertatu den meategia ikuskatu omen zuten, espedienterik ireki gabe. Joan Ignasi Elena Barne kontseilariak, bere aldetik, esan du ikerketa abiatu dutela gertaturikoa argitzeko eta ondorioak dagokion epaitegiaren esku utziko dituztela.

Hala ere, sindikatuetako iturriek EFEri adierazi diotenez, "segurtasun neurriak ez dira behar direnak".

Pere Aragones Generalitateko presidenteak "babesa" adierazi die "hildakoen familiei eta lankideei" Kataluniako Parlamentuko kontrol saioaren hasieran. "Larrialdi zerbitzuetatik lanean ari gara enpresaren zerbitzuei laguntza emanez", esan du.

Suriako Udalak bi dolu egun izendatuko ditu meategian gertatutako istripuagatik.

Azken urteotako bigarren istripu larria Suriako meategian

2013ko abenduaren 6an bi langile hil ziren Suria udalerrian dagoen Cabanasses meategian gertatutako beste luizi batean. Gaueko txandan makinak konpontzen eta mantentze lanak egiten ari ziren bi pertsona ziren.