Itxi

Atlantikoko korridorea

Europako Batzordeak azalpenak eskatuko dizkio Frantziari abiadura handiko konexioaren atzerapenagatik

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Bruselak "datozen asteetan" izango ditu elkarrizketak Frantziako Gobernuarekin. Europa barneko garraio-sarearen barruan dagoen proiektua 2030erako bukatuta egon beharko litzateke.

AHTko lanak. Argazkia: EFE

Europako Batzordeak "datozen asteetan" elkarrizketak izango ditu Frantziako Gobernuarekin, azalpenak eskatzeko Atlantikoko korridorearen bidez Espainiarekin abiadura handiko trenaren konexioa atzeratzeagatik. Proiektu hori Europa barneko garraio-sarearen parte da, eta 2030erako amaituta egon beharko luke.

"Arreta handiz jarraitzen ari garen gai bat da, izan ere, datozen asteetan Frantziako agintariekin maila teknikoan elkarrizketak izatea aurreikusi dugu, zalantzak argitzeko", adierazi du Adalbert Jahnz Europako Exekutiboko Garraio bozeramaileak, 'Euskal Y'arekin lotuko duen Bordele-Dax tartea gutxienez 2042ra atzeratzeko Parisen asmoaz galdetu diotenean.

Bidaiarien eta merkantzien tren garraiorako korridore atlantikoak 8.200 kilometro baino gehiagoko ibilbidea du, Europako lau estatu --Espainia, Portugal, Frantzia eta Alemania-- lotzeko, lehentasunezko sare gisa 2030ean jada martxan egon dadin.

Iberiar Penintsularen eta Frantziaren arteko abiadura handiko konexioaren kasuan, Frantziako Gobernuak azken asteetan iradoki du ez duela egutegi hori aurreikusten, eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Diputatuen Kongresuan esan zuen Frantziari eskatuko diola abiadura handia 2030erako prest egotea.