Itxi

Pentsio duinaren alde borrokan

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak baraualdi-itxialdi batekin abiatuko du mobilizazio-astea

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

1.080 euroko gutxieneko pentsioaren aldeko aldarriari eutsita, adituekin mahai-inguruak eta bestelako protestak egingo dituzte pentsiodunek ostiralera bitartean. Larunbatean, martxoak 18, Bilbon izango den manifestazio batek mobilizazio-sorta itxiko du.

Pentsiodunen manifestazioa Bilbon. Argazkia: EFE

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazio-astea abiatuko du gaurtik, baraualdi-itxialdi batekin hasita, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzeko. Ostiralera bitartean protestak eta adituekin mahai-inguruak prestatu dituzte, eta datorren larunbatean, martxoak 18, Bilbon izango den manifestazio batekin itxiko dute astea.

Prestatu duten mobilizazio-egitaraua astelehenean hasiko da: Bilboko Udaletxearen aurrean, asteroko eguerdiko elkarretaratzean, programa aurkeztuko dute pentsiodunek eta, horren ostean, baraualdi-itxialdia egingo dute Bilboko lokal batean, egunero 30 pertsonak txandaka.

Astearterako, martxoak 14, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatuz, Jose Luis Escriva Giza Segurantzako ministroari zuzendutako idazkia aurkeztuko dute Gobernuaren Ordezkariordetzan. Jarraian Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleraino ibilbidea egingo dute, "arreta zerbitzuan dauden arazoak" salatzeko. Egun horretan ere pentsioen etorkizunaren eta Europako erreformen gaineko mahai-inguruak izango dira.

Asteazkenean, hilak 15, martxa egingo dute pentsiodunek Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritzaraino, eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko eta genero-arrakala salatzeko idatzia helaraziko diote Emakunderi. Geroago, genero-arrakalarekin bukatzeko neurrien inguruko mahai-inguru bat egingo dute.

Ostegunean, hilak 16, gutxieneko pentsio hori defendatu dezaten eskatzeko beste idazki bat emango diete hainbat alderdi politikori, euren egoitzetatik igarota. Egun horretako mahai-ingurua pentsiodunen plataformen gainekoa izango da.

Ostiralean, hilak 17, Bilboko Udaletxean izango dira larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia herritarrei luzatzeko. Larunbatean, hilak 18, 12:00etan Moyua plazatik abiatuko den manifestazio horrek mobilizazio-astea itxiko du.

1.080 euroko gutxieneko pentsioa 14 ordainketan

Bost urte daramatza pentsiodunen mugimenduak "1.080 euroko gutxieneko pentsioa 14 ordainketan" aldarrikapena egiten, "Europako Gutun Sozialak zehaztutako gutxieneko irizpideei jarraituta". Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak azpimarratu duenez, "zahartzaro duina izateko gutxieneko diru-sarrera da, eta pentsioetan izaten den genero-arrakala murrizteko neurri eraginkorra ere bada".

Pentsiodunen kolektiboak dioenez, % 8,5ko azken igoera gorabehera, pentsiodunen % 30k "ez du gutxienez 800 euroko pentsioa", eta horrek 199.800 pentsiodunei eragiten die, horietako 152.6000 emakume izanda.

Nafarroa

Bestalde, Iruñeko Pentsiodunen Mugimenduak adierazi du "indar guztiekin" babesten dituela EAEko pentsiodunek egingo dituzten mobilizazioak eta, Bilbon egingo duten baraualdi-itxialdiarekin bat eginda, Iruñean manifestazioa egingo dutela iragarri du.

Albisteak (2)