Burtsa
Banku handiak burtsan hondoratu dira SVBren porrotak sektoreari ekar diezazkiokeen ondorioengatik
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Espainiako burtsan, saioaren amaieran beherakada handienak izan dituzte IBEX indizean kotizatzen duten sei bankuk, Sabadell buru zutela (% 11,81); ondoren, Bankinter (% 8,54), BBVA (% 8,24), Unicaja Banco (% 7,78), Santander (% 7,35) eta CaixaBank (% 6,24).
Your browser doesn’t support HTML5 video
Europako banku handiek beherakada handiak jasan dituzte burtsan gaur, Silicon Valley Bank eta Signature Bank estatubatuarren porrotak sektoreari ekar diezazkiokeen ondorioengatik.
Espainiako burtsan, saioaren amaieran beherakada handienak izan dituzte IBEX indizean kotizatzen duten sei bankuk, Sabadell buru zutela (% 11,81); ondoren, Bankinter (% 8,54), BBVA (% 8,24), Unicaja Banco (% 7,78), Santander (% 7,35) eta CaixaBank (% 6,24). Horrela, Espainiako Burtsak % 3,51 egin du behera, 2022ko ekainetik izan duen beherakadarik handiena, bankuek bultzatuta.
Era berean, Frankfurteko DAX 40 indizeak % 3,04ko jaitsierarekin itxi du saioa. Commerzbankek % 12,7 galdu du, 9,96 euroraino, eta Deutsche Bankek % 4,9 egin du behera, 10,14 euroraino.
Finantzen sektoreko kotizatuak ere galeren buru izan dira Londresko Burtsan, saioan % 2,58 jaitsiz.
Londresko burtsan, eguneko protagonista nagusia Europako banku handiena izan da, HSBC; izan ere, % 4,13 utzi arren, ez da izan galeren eragin handiena jasan duen erakundea.
HSBCren bi banku lehiakidek, Standard Charteredek eta Barclaysek, izan dute eguneko beherakadarik handiena, % 6,89 eta % 6,31 galdu baitute, hurrenez hurren.
Credit Suissek % 9,58ko galera izan du Zuricheko burtsan, egunean zehar minimo historikoa behin baino gehiagotan markatu ostean.
Silicon Valley Banken porrotak eragina izan du AEBn zein handik kanpo dauden banketxeetan
Finantza arazo larriak tarteko, bi egunez behea jo zuten Silicon Valley Bank (VB) bankuaren akzioek iragan astean, eta horrek eragina izan du sektorean, dela AEBn bertan, dela handik kanpo. Hala, krisi berri baten mehatxuak inbertitzaileak beldurtu ditu azken egunotan.
Hain zuzen ere, teknologia eta zientzia enpresa berriei zuzendutako SVB bankuaren akzioek % 60 egin zuten behera joan zen ostegunean, eta % 68 ostiralean, kotizazioa eten aurretik.
Gauzak horrela, Kaliforniako finantza berrikuntzarako departamentuak, non SVBk egoitza duen, konpainiaren kontrola bere gain hartzea erabaki zuen, banku horrek likidezia eza eta kaudimengabezia zituela arrazoituta. Horrekin asmo zuten Gobernuak babestutako gordailuak zaintzea.
2008ko krisiaz geroztik, AEBn inoiz izan den porrot ekonomiko handienetakoa da SVBrena.
AEBk plan bat jarri du martxan SVBren gordailuak babesteko
Silicon Valley Banken gordailuak babesteko asmoz-edo, Estatu Batuek plan bat jarri zuten abian atzo. Izan ere, Signature Bank erakundeak ere bere itxiera iragarri du bart, parametro berberak argudiatuta.